Pello Otxandiano
Sortuko kidea
GAURKOA

EH Bildu 4.0

EH Bilduren eratze prozesua azken txanpan sartu da ekainaren 17ko kongresuaren bezperetan. Azken bi urteetan egitekoen zerrendan egon den eztabaida honek hartu du forma azkenerako eta ibilbide berri bat hasteko moduan jarriko du ezkerreko subiranismoa larunbatetik aurrera. Tradizio eta kultura politiko ezberdinen bat-egite prozesuak konplexuak eta gatazkatsuak baino izan ezin daitezkeen arren –gatazkaren zentzu dialektikoan–, azken hilabeteko zalaparta mediatikoak badu naturaletik baina baita induzitutik ere; Eusko Alkartasunaren kongresuaren inguruan sortutako zarata mediatikoak eztabaidaren terminoak desitxuratu baititu kasurik onenean –eredu organizatiboaren eztabaida koalizio-alderdi bakar dikotomiara erreduzituz– eta erabat interesatuak diren tesiak hauspotu kasurik txarrenean –Sortuk bere nagusitasuna inposatu izana–. Horrek eztabaidagai dagoen eredu organizatiboari buruzko azterketa zorrotzagoak estali dituelakoan nago.

Izan ere, funtsean, eratze prozesu honetan eztabaidagai dagoena eredu organizatiboa baita, zalantzarik ez, egitasmo politikoaren definizioarekin –ezkerreko subiranismoaren proiektu politikoaren eta bere lorpenera begirako estrategiaren zehaztapenarekin– estuki harremanduta dagoena. Alabaina, ondo koka dezagun EH Bilduren eratze prozesu honetan jokoan zer dagoen: prozesu honek ez du EH Bildu goitik behera definituko, ez du eratze prozesua bukatuko. Aitzitik, ibilbide berri baten hasieran jarriko gaitu, oinarri berriak jarriko ditu –zoru berri bat eta zimendu berri batzuk– datozen urteetan ezkerreko subiranisten etxe komuna adreiluz adreilu eraikitzen joan dadin. Hori da ekainaren 17an emango den jauzia.

Eta beraz, koalizio eredua agortutzat emanik, nola definitzen da zoru berri hori? Zeintzuk dira zimendu berri horiek? Horixe da gogoetaren funtsa, eta bada aldagai bat definizio ariketa honetan modu berezian kontuan hartu beharrekoa: bitartekaritza egituren krisia. Azter dezagun ondo zein jendartetan bizi garen, nola bizi duen euskal jendarteak garai hau, eta, ondorioz, burujabetzaren eta demokraziaren aldeko aliantza estrategikoak zein forma hartu behar duen garaiko baldintza sozial, politiko eta kulturaletara moldatu dadin.

Izan ere, EH Bilduren eztabaida dokumentuak ondo dioen moduan sistema politikoaren gaitasuna eta eraginkortasuna ezbaian jarri dituen krisi politiko globala bizi dugu, eta horrek subjektu politiko eraldatzaileen praktika eta antolakuntza ereduen gaineko eztabaida zahar-berria urgaineratu du indar biziz; herritar mugimendu, alderdi eta instituzioen funtzio, muga eta dialektiken gaineko zalantzak. Egun, ezkerreko mugimendu guztien gogoetagai zentraletako bat da parte hartze zuzenaren –mugimendua– eta ordezkaritza bidezko parte hartzearen –alderdia, instituzioa– arteko tentsio teoriko eta praktikoa nola ebazten den. Beste alor batzuetan bezala ezinbestekoa deritzot galdera horiei ere euskal begirada batetik heltzea. Berrikuntzarako metodoa erreferentzia ezberdinak hartu eta gure galbahetik pasatzea izan dadila, eta ez kopiak egin edota eskemak mimetizatzea.

Parte hartze zuzenaren eta ordezkaritza bidezko parte hartzearen arteko dialektikari bagagozkio, adibidez, zeintzuk dira Euskal Herriko baldintza zehatzak? Uste dut, eztabaidarako dokumentuak ondo jasotzen duenez, euskal demosak badituela berezitasunak joera global bortitzen eragina kontuan izanik ere, eta instituzioen eta bitartekaritza egitura nagusien zilegitasun eza erlatiboa dela gurean Espainiarekin alderatuz gero, adibidez.

Abstrakziotik konkreziora joz: zein da alderdiek EH Bildun izan behar duten papera? Airean dagoen galderetako bat bada honako hau. Nire ustez, eta ausartuko naiz hau esatera, erantzun berritzailea ematen dio EH Bilduren proposamenak galdera horri, ordezkaritza egituren krisiaren garaiari ematen zaion erantzun original bat dela esango nuke: alderdien eta parte hartze zuzeneko espazioen arteko kooperazio formula bat.

Bigarrenetik hasita: EH Bildu subjektu propio gisa eratuko da ekainaren 17tik aurrera, egitura demokratiko propioa izango duena, bilkide bat boto bat zuzentaraua oinarri. Ildo politiko eta programatikoa zuzeneko parte hartze bideek definituko dituzte, zeintzuetan EH Bildura batzen diren kideek –bilkideek– izango duten erabakimena, alderdi bateko, besteko zein independente izan, berdintsu. Barne demokrazia oinarrizko printzipio izango du beraz EH Bildu berriak. Halaber, parez pare, garrantzia maila berdinarekin, behar luke bigarren printzipio batek ere: eraginkortasunak. Horizontaltasunari gorazarre egiten zaio sarri zuzendaritza egiturak zalantzan jartzeraino –proposamen boluntaristak eginez batzuetan–, baina EH Bilduk indar hegemoniko izan nahi badu askoz ere eraginkorrago jardun beharko du etorkizunean, eta horretarako ezinbestekoa du parte hartze horizontalarekin batera dimentsio bertikala, hots, antolakuntza irizpide zorrotzek araututako zuzendaritza egitura.

Alderdiei dagokienez berriz, organikoki, bilkideen funtzioak osagarritzeko ardura egozten die proposamenak, eta, ondorioz, betebehar organiko oso mugatuak izango dituzte EH Bildu berrian. Halaber, nork bere espazio politiko propioa garatzeko deia ere egiten zaie. Izan ere, EH Bildu tradizio politiko ezberdinen –ezker abertzalea, abertzaletasun historikoa, ezkerreko subiranismoak– bat-egitea da, bere identitate politikoa tradizio horien izendatzaile komun txikienaren baitan eraikitzen delarik –burujabetza, demokrazia–, eta, ondorioz, nork bere komunitate propioa gorpuzteak aliantza estrategikoa sendotzea lekarke.

Eztabaidaren puntu honetan, bada, askotan modu gordinean esplizitatzen ez den arren, tradizio politikoekin haustearen aldeko bulkada bat. Iturri ezberdinetatik etor daitekeen arren –Podemos fenomenoaren eragina, barne kontraesanak, ezintasunak, eta abar–, bada ikuspegi bat tradizio politiko hauek ezker subiranismoaren egitasmoari zer eskaini ez daukatela ondorioztatzen duena, orain arteko ibilbidean ondare historiko bat baino gehiago zama pisutsu bat antzematen duena. Iruditzen zait, borroka ziklo hain oparo baten hondarrean gaudelarik –bere argi-ilun guztiekin– sakon hausnartu beharreko kontua dela honako hau, eta nago erantzunak ez daudela iraultza estetikoetan. Alderdiek ekarpen kualitatibo bat egin diezaiokete EH Bilduri beste inork egin ezin dezakeena: nork bere iraultza kulturala egin, tradizio politiko bakoitzaren onena jaso eta XXI. mendeko ezker subiranismoaren egitasmoaren mesedetan jarri.