GARA
LONDRES

Gairik merkeena erabili zen Londresko dorrea estaltzeko

Dagoeneko hogeita hamar hildako zenbatu dituzte, baina hedabideek egin dituzten kalkuluen arabera, ehundik gora izan daitezke azkenean. Grenfell dorrea estaltzeko materialik merkeena erabili zuten iaz.

Asteazkenean su hartutako Londresko Grenfell dorrea merkatuan dagoen materialik merkeen eta sukoienarekin estali zuten iaz, “The Guardian” egunkariaren arabera. Omnis Exteriors konpainiak entregatu zuen erabili zen aluminiozko konposatua, Reynobond PE izenekoa. Onartu du enpresak materialik merkeena eskatu zitzaiola, eta horregatik baztertu zuela Reynobond FR izenekoa, sutea izanez gero askoz ere hobea dena baina metro koadroko 2,3 euro garestiagoa, John Cowley zuzendariak azaldu duenez.

«Herrialdean milaka bizitegi-dorre ditugu; tankerako blokeetan ehunka mila lagun bizi dira. Horiek guztiek beldurtuta bizi beharko dute, erabat kezkatuta», esan du Jeremy Corbyn laboristak auzotarrekin hitz egin ondoren. Protestaldia egin zuten atzo udaletxearen aurrean.

Denbora asko beharko da biktima guztien nortasuna ezagutu ahal izateko. Lehen identifikatua Mohammed Alhajali Siriatik ihes egindako 23 urteko errefuxiatua izan da.