JUN. 19 2017 sokatira Goiherrik denboraldiko bigarren txapela lortu du J.L. Iragarritako moduan Goiherrik irabazi du Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako 640 kiloko txapela, bide batez denboraldiko bigarren garaikurra lortuz. Azkeneko jardunaldira bi puntuko abantailarekin heldu zen, eta amaierako saioan ere onena izan zen Erandioko taldea, iragarpenak betez. Berdeek jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin zituzten, eta aurkariei ez zieten inongo aukerarik eman, nagusitasun osoa erakutsiz. Bigarren postua ere erabakita zegoen, eta hori Gaztedirentzat izan zen. Laukizko taldeak Goiherrirekin galdu zuen, baina gainerako talde guztiak mendean hartu zituen. Emozioa hirugarren posturako izango zela zirudien, baina oraingoan Goiherri B izan zen postu horretan amaitu zuena, aurreneko biekin galdu eta gainerakoei irabazita. Laugarren postuan sailkatu ziren berdinduta Gaztedi B eta Mutriku. Aurreneko hiru sailkatuekin galdu egin zituzten euren tiraldiak; Akelarreri eta Getxori irabazi eta euren artekoan berdinduta amaitu zuten. Getxok, berriz, Akelarreri bakarrik irabazi zion, eta azken horiek itxi zuten sailkapena, tiraldi guziak galduta. Ondorioz, Goiherri A izan da maila honetako txapelduna, eta oraingoan erabateko nagusitasuna erakutsiz. Berarekin batera, Gaztedi A, bigarren, eta Goiherri B, hirugarren, izan dira podiumean. Jadanik txapelketa bere erdira iritsi da. Oraindik beste bi maila baditu jokatzeko. Hemendik aurrera bat amaitu eta bestea hasiko da. Hala ere, datorren asteburuan atseden hartuko dute taldeek, eta uztailaren 1ean abiatuko da 600 kiloko lehiaketa Getxon. Bertan, 640 kilokoan aritu diren talde berak hartuko dute parte, eta, gainerako pisuetan bezalaxe, hemen ere hiru jardunaldi izango dira. Bigarren jardunaldia uztailaren 8an jokatuko da Erandio Goikoan, eta uztailaren 15ean amaituko da maila honetako lehiaketa, Bilboko Zorrotza auzoan jokatuko den saioarekin. 560 kiloko maila, azkenik, oso azkarra izango da, nahiz eta hiru jardunaldi izan. Uztailaren 22an Laukizen hasiko da, uztailaren 25ean Berangon jarraituko du eta uztailaren 29an jokatuko da azkeneko jardunaldia Plentzian. Horrekin amaituko da aurtengo denboraldia.