JUN. 20 2017 Erremontea «Oriamendiren konkistan» abiatu da Kemen Aldabe Telebista saio batean ezagun egindako 19 urteko nafarrak garaipenarekin egin zuen debuta larunbatean. Last update: JUN. 20 2017 - 07:15h Jon ORMAZABAL Esan ohi da “euskal farandulan” pilotariek hartu ohi dutela Ebrotik hegoaldera toreroek duten papera. Baina, egiari zor, gaur egun erremonteak ez dauka ez glamour gehiegirik. Hala ere, Oriamendi enpresarekin debuta egin berri duen Kemen Aldabe, “famatua”, edo gutxienez ezaguna, da Euskal Herriko txoko askotan. Baina ez bereziki frontoian egindakoengatik, ETB2ko “El Conquistador” saioan parte hartu zuelako baizik. Kolonbian grabatutako reality ezagunean 11 kilo galdu zituen bertan emandako hilabetean, eta, esperientzia oso gogorra izan bazen ere, «telebistan ematen duena baino askoz gogorragoa da», bihar bertan errepikatuko luke. «Ez da beste kateetan ematen diren saioen parekoa, baina Euskal Herrian behintzat ezaguna egiten zara. Batez ere gauez irtetean ezagutzen zaitu jendeak!», azaldu zuen. Orain, ordea, beste abentura mota bat hasi du Aldabek, larunbatean egin baitzuen debuta erremontista gisa Oriamendi enpresarekin. Gainera, Azpiroz herrikidea lagun zuela, garaipena eskuratu zuen bere lehen partidan, Beñat eta Labakari 40-31 irabazita. Hamasei tanto egin eta bi pilota bakarrik galduta, gustura utzi zituen Galarretara gerturatutako zaleak, eta orain helburua «pixkanaka ikasten eta hobetzen joatea» da. Etxean jaso zuen pilotarekiko zaletasuna, aita epailea izan baita Labriten orain gutxira arte. Eskuz saiatu ostean, 13 urterekin izan zuen bere lehen kontaktua erremontearekin. «Lekunberrin eskola zabaldu zuten eta 11 umek eman genuen izena; plastikozko saskiekin aritzen ginen, eta gustatu egin zitzaidan. Baina jendea uzten joan zen eta lau bakarrik geratu ginen. Horietako bi Galarretara entrenatzera pasa zirenean, nik ere utzi egin nuen. Pena eman zidan, baina bi urte geroago ni ere Galarretan hasi nintzen eta gaur arte», azaldu zuen Aldabek. Urriza txapelduna ispilu hartuta, «indarra» da bere dohainik handiena eta defentsan hobetu duela uste du.