GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Petrolioa gasaren aurka


Suteek bezala, Persiar golkoko krisiak bere bidea egiten jarraitzen du. Saudi Arabiak bere ahuleziak erakutsi dituelako ez da gehiago gartu, seguruenik. Baina erregaia sobera dago.

Erronka bota eta hamabost egunera, Sauden Etxeak hasierako aliatu bakanen babesarekin jarraitzen du: Egipto, Bahrain eta Emirerriak; geroztik lortu dituen bazkideek (Maldivak, Eritrea, Txad, Niger, Mauritania,...) laguntza baliagarria baino gehiago islatzen dute jopuen morrontza; herrialde arabiar edo musulman ahaltsu bakarra ere ez da lerrokatu Riadekin.

Aldiz, Al-Thaniren Etxeari bi lagun oso garrantzitsu agertu zaizkio berehala: Iran eta Turkia. Beste batek, Marokok, keinu oso adierazgarria egin du. Eta auzoko Kuwaitek, urrutiagoko Errusiak bezala, bitartekaritza eskaini du.

Inperioak, bestalde, mezu nahasiak ez ezik kontrajarriak helarazi ditu. Alde batetik, Trumpen ateraldiak Twitterren saudien alde. Bestetik, Pentagonoaren eta Estatu idazkaritzaren espantua sor litekeen anabasaren aurrean. Azkenean, arma-saltzaileen «realpolitik»-a nagusitu da, besteak beste: Qatarri hiru dozena F-15 salduko dizkiote AEBek. Eta Al-Udeideko baseak bere horretan jarraituko du.

Indarrak berdintsuan daudela esan liteke.

Hala ere, itzulbide gutxi du krisiak. Iritsi denera iritsita, Saudi Arabiak ezin du esku hutsik atzera egin. Nork egingo lioke men handik aurrera? Eta zer gertatuko litzateke Sauden Etxe liskartsuan? Qatarrek, aldiz, ez du amore eman beharrik, oraingoz behintzat.

Gutxieneko konponbidea, une honetan, Al Jazeera isilaraztea izango litzateke Riadentzat.

Baina benetako arazoa sakonagoa da. Milaka metro sakonagoa, lurpean dago eta. Qatar (bere itsas eremua, zehatzago esanda) South Pars, munduko gas-hobi nagusiaren gainean dago... Iranekin erdi bana edo (9:5 proportzioan, zehazki) duena.

Eta petrolioa (eta harekin batera, Sauden Etxea) iragana izaten denean, gasa oraina eta etorkizuna izango da.