GARA Euskal Herriko egunkaria

Aita Donostiak pianorako konposatu zuen azken «maisulana» berreskuratu dute

1954an, hil baino bi urte lehenago, idatzi zuen Aita Donostiak «Andante Doloroso», garaian pianorako idatzitako pieza «berritzaile eta modernoenetakoa». Kultur ondarerako «aurkikuntza handia» dela esan dute.


Aita Donostiak hil baino bi urte lehenago, 1954ean, idatzi zuen “Andante Doloroso”. Pianorako pieza hau konposatzailea bere musika ibilbideko garairik aberats eta modernoenean zela idatzi zuen, baina orain artean ez da ezagun egin, egilea handik gutxira gaixotu eta 1956an hil baitzen.

Musika ikerketan murgilduta dabilen eta bereziki Aita Donostiaren obra aztertu duen Josu Okiñena izan da “Andante Doloroso” lanaren eskuizkribua aurkitu duena eta, atzo prentsaren aurrean egindako aurkezpenean nabarmendu zuenez, ziur da «denborak merezi duen garrantzia emango diola pieza honi». Izan ere, Okiñenaren hitzetan, «kalitate handiko pieza» da “Andante Doloroso”. «Aita Donostiaren maisulana dugu eskuartean. Erabiltzen duen lengoaia abangoardistak eta piezak duen kalitateak ondare musikal unibertsalaren parte bilakatuko du», ziurtatu zuen.

Gaineratu zuenez, garaian Euskal Herrian zein Estatu espainolean idatzi zen pieza berritzaile eta modernoenetakoa ere bada, «lan abangoardista eta bere garairako oso berritzailea. ‘Andante Doloroso’ garai guztietako musika-altxor bat da».

Hamarkada horietan euskal konpositore gehienak «folkloreko abestiak harmonizatzen» ari ziren bitartean, Aita Donostia haratago joan eta inpresionismoan sartzen ari zela ere nabarmendu zuen, eta Maurice Ravelek hartutako bidearekin alderatu du, «haren tradizioaren bidetik» joan zela esanaz.

Partiturak eta diskoa

Jatorrizko eskuizkributik abiatuta pianorako partitura ere editatu dute, eta baita bideo bat ere. Bertan, Okiñena bera agertzen da pieza interpretatzen (NAIZen ikus daiteke).

Horrez gainera, Okiñenak aurreratu du pieza hau laster argitaratuko duen “Xuxurlak” diskoaren barnean egongo dela, beste zenbait euskal konposatzaileren obrekin batera. Zehazki, Pascual Aldaveren “Uso Shuriya” –euskal folklorean oinarritutako pieza eta argitaratu gabea dela azaldu zuen Okiñenak– eta Juan Andres Lombide eta Tomas Garbizuren lanak ere bilduko ditu: «Alde batetik, Lombide klabezinistaren XVIII. mendeko sonata bat dugu, Santiago de Txileko etxe batean topaturikoa. Beste aldetik, Garbizuren lana ere aurkeztu dugu, 40ko hamarkadako dantza bat dena, zehazki, Garbizuk berak Julian Lavillari oparitutakoa», ziurtatu zuen Okiñenak.

Hain zuzen, azken konposatzaile horretan dago Aita Donostiaren obra Okiñenaren eskuetara iritsi izanaren giltza: Julian Lavillak bere seme Felixen eskuetan utzi zuen Aita Donostiaren “Andante Doloroso”, gerora Okiñenaren irakasle bilakatuko zen pertsonaren eskuetan alegia: «Lavillak esan zidanez, Aita Donostiak berak eman zion lana, lagun minak baitziren. Pianoaren aukera sonoroak aztertu eta bere iritzia jakiteko eman zion Aita Donostiak Lavillari, baina erlijiosoaren heriotza goiztiarrak dena zapuztu zuen. Hori dela eta, etorkizunean abesti hau zabaltzeaz ni arduratzeko eskatu zidan; eta horretan ari naiz orain, berreskuratzen, goratzen eta mundu guztiarentzat publiko egiten».

Okiñenak hogei urte daramatza musika-ikerlari lanetan eta, besteren artean, Aita Donostiaren “obra osoa” hartzen duten lau disko argitaratuak ditu, Almudena Ortega sopranoarekin batera.