GARA
LONDRES

Londresko bizileku dorre batzuk ebakuatu eta aztertzen hasi dira

Britainia Handiko hiriburuko bost dorre ebakuatu zituzten ostiral gauean suteen aurkako segurtasuna hobetzeko egin beharreko «premiazko lanak» egiteko. Grenfell dorreko estaldura sukoi eta merkea jarri zuen konpainia berak jarri zuen dorre horietakoa ere.

Londres osatzen duten udalerrietako bat den Camdengo udal agintariek atzo jakinarazi zutenez, bezperan ebakuatutako dorreetako bateko biztanleei etxera itzultzeko baimena eman zaie. «Londresko suhiltzaileen brigadak adierazi zigun Blashford dorreko biztanleek ez zutela etxetik atera beharrik», adierazi zuen Georgia Gould udal eledunak. Auzotar batzuk haserretu egin ziren ostiralean, agintariek ebakuazioa agindu zutela entzutean. Chalcots Estate eremuko bost dorre (800 etxebizitza inguru) husteko agindu zuten, suteen aurkako segurtasun azterketek emandako emaitzak inor lasai uzteko modukoak ez zirela-eta. Kanpoko aldean jarritako estaldura zen agintarien kezka iturria.

Blashford dorreko 83 auzotarrek etxetik ez irtetea erabaki zuten, Georgia Gouldek esplikatutakoaren arabera. Eledunak erantsi zuen aipatu dorreak ebakuatutako gainerako eraikinek ez dituzten ezaugarriak dituela, eta horregatik onartu dutela bertakoak etxera itzultzea: «Beste eraikinak baino txikixeagoa da Blashford dorrea, sutearen aurkako ateak ezberdinak dira eta korridoreak libre uzteko eta suteen aurkako segurtasuna hobetzeko lanak egin ziren. Suhiltzaileek esan digute eraikina segurua dela auzotarrentzat».

Grenfell dorreko gai bera erabili zen eraikin horietan kanpoko estaldura egiteko. Adituek diote material horrek eragin zuela ekainaren 14ko sutea hain tragikoa izatea (79 hildako gutxienez). Izan ere, adituen ustez, aluminioz eta polietilenoz egindako estaldura horrek eragin zuen hozkailu batean hasitako sute txikia dorre osora zabaldu izana oso minutu gutxian.

Chalcots Estate eremuko auzotar gehienek senide zein lagunen etxeetan pasa zuten gaua. Beste batzuk udal instalazioetan sartu zituzten eta kasu batzuetan Udalak berak ordaindutako hoteletan. Egoera hiruzpalau aste luzatuko zaie etxea utzi beharra izan dutenei, konponketa lanak egin bitartean.

Londresko Poliziak baieztatu duenez, Grenfell dorreko sutea hozkailu batek eragin zuen. Fiona McCormack eledunak ostiralean kazetarien aurrean azaldu zuenez, Grenfell dorrearen estalkiak ez zituen segurtasun neurriak betetzen.

«Ez genuen geure gauzak hartzeko betarik izan»

Chalcots Estate eremuko dorreetako biztanleei ez zitzaien batere gustatu ostiralean beren etxeak utzi behar izatea. «Geure gauzak hartzeko betarik ere ez genuen izan, ez genekin nora joan. Lehenbailehen itzultzeko aukera izatea espero dut», esan zien kazetariei Zega Ghebre 42 urteko emakumeak, ondoan bere hiru seme-alabak zituela. «Egoera hau sinesgaitza da –eratsi zuen–. Orain esaten digute Wembley auzoko hotel batera joateko aukera dugula. Egoera hau ez luzatzea espero dut, bestela ez dakit zer egingo dugun-eta», esan zien kazetariei Swiss Cottage Leisure Centerren aurrean.

Peter Bertram britainiar armadako beteranoak ere etxea utzi beharra izan zuen: «Lasterketa bat izan zen. Ebakuatzeko agindu aurretik ez zidaten ezer esan. Dena hain bizkor joan zenez, gertatzen ari zena barneratzeko energiarik ez nuen izan».

Georgia Gould udal eledunak esplikatu duenez, «Grenfell dorreko suteak gauza guztiak aldatu ditu. Ez gaude inolako arriskurik onartzeko moduan. Jendea salbatzea da lehentasuna».GARA