Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Musikaren gainetik

Kaleak dagoeneko badaude apainduta, ortzadar banderez, koloretsuak eta alaiak eurak. Kolektibo oso baten askapen ikurra da, jende asko eta askorena, beti gutxietsiak, jazarriak, modu askotan zigortuak izan direnena. Egun, pentsa liteke, bandera horren erakusketa astean bereziki, armairu ilunen garaia oso urrun geratu dela munduaren alde honetan; harrotasuna, kolektiboa osatzen duten pertsona guzti-guztien harrotasun hori, denok ere partekatzen dugula haiekin, beren historia eta borrokagatik, izan ziren eta badiren hainbeste lagunen ausardiagatik bada ere. Haien ondoan gaudelarik, ematen du normalizazioa nagusitu egin dela, eta dagoeneko pertsona orori pertsona den aldetik begiratzen zaiola, besterik kontuan hartu gabe (ez generoa, ez sexu joera, ez itxura fisikoa…). Ematen du datozen belaunaldikoek, heteroarau nagusitik kanpo bizita ere, erraz edukiko dutela, bide hori jada laututa eta inolako arantzarik gabea dutela.

Horrenbestez, zertarako jarraitu ospatzen, ekainero, Gay Harrotasunaren Eguna? Askok galdetzen dute hori, askok festa hutsa besterik ez dutelako ikusten horren inguruan, gaur egun. Aitzakia bat besterik ez urte osoan jendartearen begietara ezkutuagoan bizi direnei haientzako berariazko asteburu bat eskainita, desberdinen desfilea ofizialki onartuta eta babestuta ere, zenbaitek diru-etekina ateratzeko eta, bide batez, basapiztia nolabait baretzeko. Baliteke koloreak, karrozek edota mozorroek, gero eta gehiago eta gero eta distiratsuagoek, ekimen honen jatorria, eta batez ere zergatia, lausotu izana, eta aldarrikapenetik, aldarrikapen premiatik, duena, paradoxikoki, lehen baino ozenago oihukatu behar izatea, musikaren zarataren gainetik entzun dadin, negarti batzuen alferrikako marmar gisa gera ez dadin, badakizue, festa zapuztu ohi dutenena.

Baina, hain zuzen ere, horixe da gakoa: gay, lesbiana, transexual, bisexual, intersexual, queer eta, oro har, heterosexualok gozatzen ditugun onarpen eta erosotasunik gabe bizi direnen eguneroko bizimodua ez da festa bat. Garai bateko jazarpen basati sistematikoa ere ez dute pairatzen, hemen, baina bai erasoak, txikiak zein handiak, eta mespretxua, eta pertsona orori pertsonak garelako dagozkigun eskubide batzuen urraketa, eta ukazioa, eta… finean, lehen mailako biztanle ez izateak dakarren arazo, mota orotako, piloa. Bizi duenak ondotxo daki, eta besteok zalantzan ibiltzen jartzeak, musikaren gainetik ez entzuteak, ez die, ez digu, batere mesederik egingo.