Beñat Zaldua
Kazetaria
JO PUNTUA

Beldurra beste aldera pasatu dela frogatzeko unea

Bukatu dira txantxak. Estatu espainolak badaki Kataluniako erreferenduma antolatzeko katebegi ahulena erdibidekoa dela: tinko eutsiko dioten kargudun politikoen eta bozkatu nahi duen gehiengo sozialaren artean dauden funtzionario, teknikari eta enpresa hornitzaileak, alegia. Eta katebegi hori lehertzeko bonbardaketa hasia da jada. Atzo bertan bost funtzionario eta langilek Guardia Zibilaren aurrean deklaratu behar izan zuten –epailearen agindurik gabe–. Herenegun hautetsontziak erosteko lehiaketa publikoa hutsik geratu zen, Estatuaren mehatxu eta jazarpenak tartean. Musika honi Borboiak jarri zion atzo letra: «Legetik kanpo arbitrariotasuna, inposaketa eta segurtasunik eza baino ez daude».

Beldurra ematen du beldurrak; beldurraren estrategiak arrakasta lortzeak, alegia. Bost urteotan izua klase politikoan zabaltzen saiatu da Estatua. Mas eta beste lau kargudun ohi inhabilitatu ditu Justiziak, Forcadell eta Borràs bide berean daude, eta gobernuko kargudun gehienek –Puigdemontek eta Junquerasek, besteak beste– oso ongi dakite urriko apustua gaizki ateraz gero epaile baten aurrean bukatuko dutela. Onartuta daukate, eta froga hoberena da bide-orria –hamaika aldaketarekin bada ere– aurrera doala.

Lehen saiakeran porrot egin eta gero, bigarrenean langile publikoak ditu jomuga Estatuak. Eta jakina, ez dira berdinak erreferenduma antolatzeko agindu demokratikoa jaso duen politikariaren konpromisoa eta oposizio arrunt baten bidez lanpostua lortu eta mantendu nahi duen langilearena. Edo hautestontziak egiten dituen enpresa txikiaren jabea. Ez da ideala, baina hala da errealitatea: mundu guztia ez dago, printzipioz, bere segurtasun eremuak jokoan jartzeko prest. Hori gertatzeko, gizarteak babesa eskainiko duen koltxoia askoz gehiago puztu beharko du hemendik urrira arte, behingoz egia izan dadin hainbestetan entzundako leloa: beldurra beste aldera igaro dela.