JUL. 01 2017 sokatira Goiherri A taldea faborito dela abiatuko da 600 kiloko ligaxka J.L. Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa hilabete erabakigarrian sartzera doa; izan ere, uztailean erabakiko da dena. Bi maila falta dira denboraldia burutzeko eta biak datozen asteburuetan jokatuko dira. Getxoko Portu Zaharrean abiatuko da 600 kiloko lehiaketa gaur, 17.30ean. 640koan aritu ziren talde berak neurtuko dira, eta orain ikusi beharko da bi pisurik handienetan Goiherrik eraku- tsi duen nagusitasuna bi txikietan ere erakusten duen. Mutriku, Getxo, Goiherri A, Goiherri B, Gaztedi A, Gaztedi B eta Akelarre izango dira lehian. Aurreko bi mailetan Erandiokoak izan dira nagusi, baina Gaztedi A beti oso gertu izan dute. Garbi ikusi da bi talde hauek gainerakoei aldea ateratzen dietela eta, ezeren okerrik ez bada, maila honetan ere txapela bien artean jokatu beharko dute. Lehen jardunalditik irabazten hastea oso komenigarria da; gerorako bidea asko errazten du horrek, hiru jardunaldiko ligaxka izaten baita, eta hor egindako hutsak konpontzeko tarte handirik ez da izaten. Gainerako mailetan ere borroka polita izan da. Hirugarren posturako ere, Goiherri B, Mutriku eta Gaztedi B izan dira lehia horretan, eta oraingoan ere gauzak asko aldatu ezean horrela izango da. Azken ez geratzeko lehia ere bizia izango da Akelarreren eta Getxoren artean. Beraz, euren artean aldetxoak egon arren, postuetarako emozioa ez da faltako, eta horixe da zaleek nahi dutena. Maila honetako bigarren jardunaldia uztailaren 8an jokatuko da Erandio Goikoan, eta azkenen- go ekitaldia, uztailaren 15ean Bilboko Zorrotza auzoan.