JUL. 01 2017 Aizkora Sari handia dago jokoan Otaegi, Irazu, Zaldua, Otaño, Txapartegi eta Mujika neurtuko dira bihar Bigarren Mailako finalean. Last update: JUL. 01 2017 - 08:54h Jon LEUNDA Gipuzkoako Bigarren Mailako aizkolarien finala jokatuko da bihar, eguerdiko 12.30ean, Usurbilgo plazan, eta maila handiko lehia espero da, gainera, parte hartuko duten aizkolaririk gehienak Lehen Mailan aritutakoak baitira, eta horietako batzuk egun ere Euskal Herriko Lehen Mailan daude. Xabier Zaldua, Jon Irazu, Joseba Otaegi, Eneko Otaño, Luix Txapartegi eta Jexuxmari Mujika izango dira nor baino nor jardungo direnak. Kirolari bakoitzak lau kana-erdiko eta bi 60 ontzako erdibitu beharko ditu. Izen handiak daude final honetan eta agian faborito garbi-garbirik ere ez dago, edozeinek irabazteko modukoa ikusten baita norgehiagoka hau. Akaso, Joseba Otaegiren aldeko joera ikusten da zaleen artean, baina lana bera ere ez da oso luzea, eta deskuiduren bat edo adar txar bat ateratzea nahikoa izan liteke batzuen helburuak bertan behera geratzeko. Saria ere ez da makala, txapela irabazteaz gain, garaipena lortzen duen aizkolariak datorren urtean Lehen Mailan aritzeko txartela eskuratuko baitu. Iazko txapela Alberdik irabazi zuen, eta orain beste norbaitek hartuko du haren lekua. Hori dela eta, final honek ikusmin handia piztu du. Beste aizkora lehia bat izango da bihar 18.00etan Beizaman,. Herriko festen barruan, txanda librean neurtuko dira Arria V.a eta Mikel Larrañaga bikotea Iker Vicenteren eta Eneko Otañoren aurka. Trontza Bestalde, bihar Usurbilen aizkora saioaz gain, emakumezkoen trontzalarien finala ikusteko aukera izango da, bertan jokatuko baita. Nerea Sorondo eta Amaia Garcia arituko dira Itsaso Ontsaloren eta Leire Astiazaranen aurka. Bikote bakoitzak etzaniko 45 ontzako enborrari hamar epai eman beharko dizkio. Txapelketa honek partaide gehiago ere izan ditu, baina oraingoan bi besterik ez dira izango Euskal Herriko txapela eskuratzeko lehian arituko direnak. Horien artean Aimar Irigoien eta Idoia Etxeberria ere arituko dira. TXAPELDUNA Bihar, 12.30ean, Usurbilgo plazan jokatuko den finala irabazten duen aizkolariak, txapela lortzeaz gain, datorren denboraldian Gipuzkoako Lehen Mailan aritzeko txartela ere eskuratu ahal izango du.