GARA Euskal Herriko egunkaria

Nekazaritza-sindikalismoaren historia argitara, Aldai Arrillagaren eskutik


Jose Anjel Aldai Arrillagak Euskal Herriko nekazaritza-sindikalismoaren historia jaso du “Baserri biziari eusteko lanak. Nekazaritza sindikalismoaren historia bat” liburuan. Txalapartak argitaratutako liburua Gasteizko Villasuso jauregian aurkeztu zuten ostiralean.

Egileak gaiaren inguruan zegoen hutsunea bete nahi du lan honekin. Horretarako, Euskal Herriko nekazaritza mugimenduan paper esanguratsua bete duten dozenaka pertsonaren kolaborazioa izan du. Zeregin honetan Kepa Enbeitaren lana nabarmendu nahi izan du idazleak, material bilketarako eta sindikalista askoren aipuak jasotzerakoan egindako lan eskergagatik.

Via Campesina

La Via Campesina mundu osoko 200 milioi baserritar eta 60 herrialdetako 170 erakundek osatzen duten bilgunea da. Bere nazioarteko VII. Biltzarra egingo du aurten Derion, EHNEk antolatuta, eta “Gure herriak elikatuz mugimendua eraikitzen dugu, mundua aldatzeko” leloa aukeratu dute aurtengo.

Mundu mailako topaketa hau uztailaren 16tik 24ra egingo da. EHNEk Deriora joateko deia egin du, La Via Campesina erakundearen balioekin bat eginez, elikadura burujabetzan aurrerapausoak emateko, elikadura gerrekin amaitzeko eta lur komunen alde egiteko.