Andoni ARABAOLAZA
KIROL ESKALADA

46 urterekin, Steve McClurek 9b graduko bide bat eskalatu du

Eskalatzaile ingelesak kateatu berri duen marrak«Rainman» du izena. Malham Coven dagoen marrahori eskalatzeko zazpi urte igaro ditu. 9b bezalaaurkeztu du, eta, zailtasun hori baieztatzen bada,Britainia Handiko lehena izango litzateke.

Kirol eskaladan gero eta gehiago dira 9b graduko bideak kateatzen dituztenak; ez gehiegi, baina batzuk-batzuk badira: bederatzi eskalatzaile, hain zuzen ere. Baina batere ohikoa ez dena zailtasun horretako marra bat 46 urterekin sinatzea da. Eta hori egin duena Steve McClure izan da. "Rainman" (Malhan Cove, Ingalaterra) da muturreko esfera horretan sartu duena. Hots, "Raindogs" (8a), "Rainshadow"-ren (9a) zatirik gogorrena, "Batman" (9a/+) eta "Bat Route" (8c) lotzen dituen marra da. Gainera, McClurek Britainia Handian egin den lehen 9b proposatu du.

Lerrootako protagonista honi buruz asko idatzi dugu, eta uste dugu azken jarduera honekin dena esana dagoela. Hastapenetan eskalada klasikoan eta trad estiloan murgildu zen, baina 90eko hamarkadan kirol eskaladara salto egin eta ingurumari hartako protagonista nagusietariko bat bihurtu zen.

Nahiz eta azkenean sinatu duen bideari "Rainman" izena jarri dion, esan behar dugu eskalatzaile ingelesak, txantxetan ala ez, xede horri "The easy easy project" deitu ziola: «Ez dut oso ondo gogoratzen, baina uste dut helburu horrekin 2010. urtean hasi nintzela. Pareta horretan marra eder bat ikusi nuen, erdi-erdian zegoena, arroka zuritik doana, gogorra… ‘Raindogs’ egin baino lehen, neure buruan neukan. Berez, ‘Rainshadow’ bidearen bertsio zuzena da. Ekipatu, eta saioak egiten hasi nintzen. Aitortu behar dut marra hori guztiz ulertzea kosta egin zitzaidala. Denboraldi luze batzuk jo eta su jardun dut, buru-belarri nenbilen; izan ere, bide oso ona da. Intentsoa, muturreko zailtasuna duen esprint osoa. Finean, opari modukoa izan da».

Irakurri bezala, bidea ekipatu zuenetik, McClurek zazpi urte igaro ditu xede gogor hori probatzen. Eskalatzaileak onartu du probatzen ari zen bitartean hainbat aldaketa egin zituela: «‘Rainshadow’-rekin lotzea niretzat oso zaila zen. Orduan, ‘urrezko dominaren’ bila joan nintzen. Eta aipatutako bidearekin lotura egin beharrean, ‘Bat route’-rekin egin nuen. Entrenatzeko ageriko lotura bat zen. ‘Rainshadow’-ren arantza askatzeko geratzen zitzaidan. Eta, azkenean, korapiloa askatu nuen».

 

Azken pausoa

Eskalatzaile ingelesak esan du "Rainman"-ek 22 mugimendu berri dituela; besteak, berarentzat aski ezagunak ziren. Arestian aipatu dugun bezala, amaiera gogorra du, eta McClurek azpimarratu du azken mugimendu gogorrean behin baino gehiagotan erori zela: «Zaila zen; uste nuen baino zailagoa. Loturetan zein ‘Rainshadow’ marraren pauso zailenetan makina bat eroriko izan nituen. Hala eta guztiz ere, ez nuen neure burua mugan ikusi. Ez nion esaten: ‘Hi, hau ezinezkoa duk’. 46 urte ditut. Aukera bat izan da? Bada, ez dut aukera bat bezala sentitu. Ezusteko ederra hartu dut, eta egiten ari nintzenarekin ia ezin nuen sinetsi. Azken mugimenduan erori nintzen, eta, ondoren, espero ez nuenean berriro erorikoa izan nuen. Azken-azken mugimendu horretan beste lau alditan erori nintzen. Egoera hori buruarentzat oso gogorra izan zen. Jakin banekien arrakasta lortzeko sekzio horretara %100ean iritsi behar nuela. Agian, soilik bost pauso dira, baina konpromiso osoa eskatzen dizute».

Saio kopuruei dagokienez, protagonista honek esan du "Rainshadow" marran baino denbora gehiago pasatu duela; ehun egunetik gora. Hala ere, aipatu du ez duela estrategia, taktika edo entrenamendu berezirik egin: «Beste bide gogor batzuetan lan gehiago egin dut. Azken helburu honetan, berriz, gauza batzuk aldatu dira. Adibidez, duela bost urte nire bigarren semea iritsi zen. Saiatu nintzen pisua ez galtzen. Garia eta alkohola alde batera utzi nituen; hor dago giltza. Lasai asko esan dezaket urte honetako apirilean eta maiatzean oso ondo sentitu naizela».

Behin "Rainman" poltsikoan zuela, McClurek bidearen zailtasunari buruz hitz egin behar zuen. Eta honakoa da bere hausnarketa: «Mundu errealera itzuli naiz, eta 9b bat dela esatea barregarria iruditzen zait. Nire hastapenak trad-ekoak dira, hots E eskalakoak. Eta, ondoren, 8a egiten genuenean benetan zaila iruditzen zitzaigun. Beraz, hain proposamen gogorra egin dezaket? Zerekin pentsatzen ari naiz? Sabela nahasten ari zait. ‘Mutation’-entzat 9a proposatu nuen, eta badirudi 9a+ izan daitekeela. Nahiz eta kosta egin, ‘Overshadow’ 9a+ bezala aurkeztu nuen, eta badirudi 9a+ gogorra dela. Agian, ‘Rainman’ 9b bezala ondo dago; denborak esango du».

Azkenik, eskalatzaile honek adierazi du oraindik bere ibilbidean urrats gehiago egiteko bere burua ondo ikusten duela: «46 urte ditut, eta jakin badakit nire progresioa erlatiboa dela. Zahartzen garenean okerrera egiten dugu, hori saihetsezina da. Errekuperazioa mantsoagoa da, eta lesioak biderkatzen dira. Baina esfortzuarekin gauza asko aurrera atera daitezke. Norberaren puntu ahulak aztertu eta konpontzen saiatzea, hor dago giltza. Zahartzen ari gara, bai, baina era berean uste dut zentzudunagoak garela».

 

Urre, zilar eta brontze bana euskal ordezkarientzat

Joan den ekainaren 25ean, Fedmek antolatuta, gazte mailako Espainiako Bloke Txapelketa jokatu zen. Zailtasuneko txapelketak ez bezala, blokekoak lehen aldia zuen. Bartzelona izan zuen egoitza, eta, zalantzarik gabe, lehen aldia izateko, Fedmeren blokeko hitzordu nagusia arrakastatsua izan zen oso.

Espainiako Estatuko mendi federazio edo teknifikazio zentroetatik hurbildutako gazteek protagonismoa izan zuten; hain zuzen ere, 16, 18 eta 20 urtez azpiko mailetakoek. Parte-hartzaileei dagokienez, antolatzaileak pozarren ziren, guztira, 111 lehiakidek jo eta su jardun baitzuten.

Aurreratu dugun bezala, gazte mailako hitzordu nagusi honek lehen aldia zuen. Eta ez da harritzekoa; izan ere, mundu mailako mendi federazio guztiak 2020. urtean Tokion jokatuko diren Olinpiar Jokoetara begiratzen ari dira. Irakurleak jakingo duenez, lehen aldiz historian, zailtasuneko, blokeko eta abiadurako lehiek lekua izango dute.

IFSC erakundearen, hots, Kirol Eskaladako Nazioarteko Federazioaren bideari jarraituz, Bartzelonako txapelketan ekipatze lanetan jardun zuten Helena Alemanek eta Gerard Rullek oreka eta irakurketa egokia eskatzen zituzten blokeak prestatu zituzten.

Ohi den bezala, Euskal Mendizale Federazioko eta Nafarroako ordezkariak Espainiako Txapelketan izan ziren. Lehen federazioko lehiakideei dagokienez, aurreratu behar da hutsune nagusi batzuk izan zirela. Besteak beste: Andoni eta Bittor Esparta anaiak eta Mikel Linazisoro. Hauek guztiak podiumak lortzeko faboritoak ziren. Alabaina, Eneko Carreterok lortutako zilar batekin hutsune hori "konpondu" zen. Nafarroakoei dagokienez, emaitza biribila izan zuten; izan ere, Muriel Ruiz de Larramendik urrea eta Suyapa Perezek brontzea eskuratu zituzten.

16 urtez azpikoen mailan, Aitziber Urrutia finalean sartu eta bosgarren postuan sailkatu zen. Aimar Usonek ere postu hori poltsikoratu zuen.

18 urtez azpikoen mailan, bestalde, Carreterok lan ederra egin zuen. Zumaiarrak aurrean zituen lau bloketatik hiru egin zituen. Gillem Monsech irabazleak ere bai, baina honek Carreterori pare bat saioko aldea atera zion. Nesken finalean ez zen euskal ordezkaririk izan.

Eta 20 urtez azpikoen mailan, espero zen bezala, Ruiz de Larramendik ez zuen aurkaririk izan. Bai, halaxe izan zen. Finaleko lau blokeak igo zituen lehiakide bakarra bera izan zen. Eta, gainera, hiru horiek sinatzeko bost saio baino ez zituen behar izan. Uharteko eskalatzaile gazteak tarte handia atera zien bigarrenari eta hirugarrenari; izan ere, horiek bloke bakar bat gainditu zuten. Aipatzekoa da hirugarren postu hori beste nafar batentzat izan zela: Perezentzat. Irantzu Porres bosgarrena sailkatu zen. Postu berdina baina mutiletan Martin Urrutiak eskuratu zuen.