JUL. 03 2017 ZIRIKAZAN Puntua Josebe EGIA Bete-betean gaude udaran lehertu ohi den festa-denboraldian, eta banan-banan herriak zein bererako prestaketetan dabiltza. Hala, hasiak gara jaiei ongietorria emateko udalen adierazpenetan-eta urterokoak irakur-entzuten, alegia, Euskal Herrian festa parte-hartzaileak, herrikoiak (folkloreaz harago, esan nahi baita) eta berdinzaleak direla; ez instituzionalizatuak, ez kanpotarren gozamena jomuga nagusi, ez diskriminatzaileak, badakizue: ez arrazistak, ez xenofoboak, ez homofoboak eta, jakina, ez sexistak. Udal txit goren gehienen berba zinez txit ederrak guztiak ere. Ederrak bezain irrealistak, ordea; irrealistak eguneroko errealitatearen isla gisa aurkezten dituzten aldetik. Nolatan izango ditugu, bada, halako festak, halako jendarterik ez dugunean? Hau da, zer dela eta sentituko gara, bada, zenbait egunez identifikatuak, denok bat eginak, babestuta, salbu, aske… eguneroko bizimoduan bertoko zein berton erroturiko pertsona asko eta asko, esparru batean, hainbatean edo guztietan, baztertua, ikusezin, mehatxatua, beldurtua, erasoa edota beti arriskuan bizi beharrean daudenean, gaudenean? Erakundeek eurek ondotxo dakitenez gero hori guztia, beren aldetik tokatzen zaienari dagokionez, bereziki, hemendik proposatu gura diet beste diskurtso-mota bat sortzea, zintzoagoa eta ausartagoa. Zertarako eta herritarroi iruzurrik ez egiteko, ez lotsarazteko jokatuz gaizkileak, bat-batean, egun batzuez, ongile bihurtuko balira bezala, orotariko diskriminatzaileak eta biolentoak solidarioak, enpatikoak, umilak, heziak, eta guztiok alai, aldarrikapen deseroso eta desitxurosotan ibiltzeko inongo beharrik gabe. Izan ere, beharbada, herriko jaiek pozarren jartzen gaituzte, baina ez gaituzte, inondik ere, xalo ergelak bihurtzen, eta, herri-erakundeek oro har ahalegin handiak egiten badituzte ere, ez gaituzte anestesiatzen. Ez diet ukatuko gure udalei hemengo jaietan badagoela asmo horien guztien kutsua, herritarren eta elkarteen (zenbaiten, betiere) halako parte-hartze puntu bat, herrian herrikoari eusteko gurari puntu bat, inor arrazagatik, jatorriagatik, sexu-joeragatik, generoagatik… zanpatua ez izateko ahalegin puntu bat, mezua ozenki zabalduta egin beharrekoa eginda dagoelakoan, eta ondoren izan dezagun itxaropena ezbeharrik gerta ez dadin. Puntua besterik ez, horretan gaude oraindik; puntua, horixe bai eguneroko errealitatearen isla benetakoa: asmo handi asko eta gauzatzeko ekintza irmo urri.