Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Tullius Detritusen estrategia

Asterixen komikietan eskolatuek ez dute laguntzarik beharko Tullius Detritus gogoratzeko: hamabosgarren albumeko protagonista da. Jatorrizko frantsesez, eta ia hizkuntza erromaniko guztietan ere halatsu, “La Zizanie” izenburua duena; baina gainerakoetan, nork bere erara itzulita daukagu: ingelesez “The roman agent” da; euskaldunontzat “Liskarra”... Joaten den lekuan liskarra eta ezinikusia ereiteko gai den gizatxarra, Zesarrek galiar menderakaitzei bidaltzen diena. Hitza beste armarik gabe.

Etsai nahiz aurkarien artean bazterrak nahasiz irabaziak lortzen saiatzea, noski, ez zuen Goscinnyk asmatu duela 50 urte. Ezta Zesarrek ere duela 21 mende; haren garaietarako ere esaera zaharra izango zen «divide ut regnes», gerora «divide et impera», «divide and rule», eta abar, bilakatuko zena. Politikagintzan eta estrategia politiko-militarretan ez ezik gizatalde gehienen baliabide ofentsibo eraginkorrenetakoa izan da, batek daki noiztik. Zenbait buruzagitza-eredutan gertatu ohi den moduan, baliabide ia bakarra bihurtzen denean hasten da, haatik, arazo larria izaten. Eta zer esanik ez munduko gizaki/herrialde ahaltsuena denean joko horretan itsututa dagoena.

Trumpek Riadera egin zuen bisitaldi lotsagarria amaitu bezain azkar gertatu zenak (Saudi Arabiak, bere morroiekin, Qatarri botatako ultimatuma, oraindik ikuskizun duguna) susmorako aukera guztiak eskaintzen zituen: bi gertakarien arteko lotura nabaria zen, eta jakin behar zen erasoaren agente pasiboa –oneslea, besterik gabe– ala aktiboa –xaxatzailea– zen Trump. Joan den astean, N. Modi, Indiako lehen ministroa, Etxe Zurian izan eta ordu gutxira haren Defentsa ministro Arun Jaitley-k Himalaiako muga arazoen inguruan Txinarekin sutu duen ika-mikak biderkatu egiten du susmoa.

Solaskide duen bakoitzari hark entzun nahi duena esaten ez ezik haren nahikunde guztiak atsegin zaizkiola adierazten ari da Trump. Detritusen estrategia da.