Xabier Izaga
Kazetaria
JO PUNTUA

Lepo autoritariotik buru demokratikoa?

Katalunian urriaren 1eko erreferenduma egiteko legea aurkezteko bezperan, Saenz de Santamaria espainiar presidenteordeak esan zuen lege horrek 48 orduan independentzia aldarrikatzeko aukera ematen badu, Estatuak nahiko dituela 24 ordu lege hori geldiarazteko. Katalunian urriaren 1ean erreferenduma egiteko legea aurkeztutakoan, Cospedal Defentsa ministroak argixeago azaldu zituen Saenz de Santamariaren hitzak, bere Armadaren misioa gogoraraziz. Eta ministroak Armada espainiarraren eginbeharra gogorarazten zuen bitartean, Rajoy presidenteak esan zuen Kataluniako Erreferendum Legea «eldarnio autoritarioa» dela. Halaber, katalan «demokratei» konfiantza eskatu zien presidenteak. Denok dakigunez, bai baitira katalan demokratak eta katalan… separatistak. Bai, niri ere «biolentoak» etorri zait burura, eta Rajoyri ere bai, seguruenik. Biolentoak, baina, euskaldunak dira; esate baterako, besteak beste katalanen erreferenduma galarazteko misioa duen Armadaren atal kutuneneko kideak jipoitzen dituztenak, herriko jaietan, goizeko bostetan.

Misioaz gainera, gogorarazi beharra dago Armada horrek 1936an misio hori gauzatu zuten Armadako kideen lepotik duela burua. Aldameneko kolaborazioan Felix Placerrek omentzen dituenak fusilatu zituztenen ondorengo zuzena.

Eldarnio autoritarioa? Galdetu Altsasuko herriari, edo zentzua galdu ez duen edonori.

Ohituta, ohituegi gaude akusatuaren aitortzan oinarritutako akusazioen berri izaten. Kasu honetan ez dago halakorik (bide batez, ez dirudi kasualitatea tortura salaketarik ez dagoenean akusatuen aitortzarik ez egotea). Nork egin du ikerketa, jipoituek berek? Ez dago batere argi fiskalak metodo induktiboa ala deduktiboa erabili duen akusazioa eraikitzeko; edonola ere, ez da oso orijinala izan, txondor metodoa aspaldi asmatuta dago eta: lehenik gazteak terrorismoarekin lotzen dituen txondorra prestatu eta ondoren hura elikatzeko betegarria sartzean datza.

Eta Auzitegi Nazionalak zein lepotatik du burua?