J.L.
sokatira

Goiherrik 600eko lehiaketa erabakita utzi nahi du

Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketako bigarren jardunaldia jokatuko da gaur arratsaldean 600eko mailan. Erandion izango da saioa, 17.30ean, San Kristobal auzoan.

Aurreneko jardunaldia Goiherri A taldeak irabazi zuen, eta gaurkoan ere gauza bera egiten baldin badu, Erandioko taldea txapela lortzetik oso gertu geratuko litzateke, azkeneko jardunaldian oso lan txarra egin beharko bailuke, eta hori oso zaila izango litzateke, taldeen artean alde handia ikusten baita.

Gaztedik gaurkoan izango du txapela lortzeko aukerei eusteko azkenengo aukera. Gaur arratsaldean berriz ere bigarren postuan geratzen baldin bada, azkenekoan ia aukerarik ez zaio geratuko. Gaur Goiherri taldea etxean arituko da, eta hori menderatzea ikaragarri kostatuko zaio talde gorritxoari.

 

Hirugarrena

Hasi aurretik hirugarren posturako lehia handia igartzen zen, baina aurreko jardunaldian Gaztedi B taldeak ongi eskuratu zuen postu hori. Goiherri B sailkatu zen bere atzetik, eta postu hori nola gera daitekeen ere tankera emateko moduan gera daiteke gaurkoan. Laukizkoen bigarren taldeak berriro ere hirugarren amaituko balu, podiumean sartzeko aukera handiak izango lituzke.

Bosgarren postua ere lehia handikoa izango dela ematen du, aurreneko jardunaldian berdinduta geratu baitziren Akelarre eta Mutriku. Postu horretarako ere gaurko saioa garrantzitsua izango da. Getxo ere lehian izango da. Aurreko jardunaldian jokatutako tiraldi guztiak galdu egin zituen, eta ikusi beharko da gaurkoan bakarren bat irabazteko gai izango den ala ez.