GARA
DONOSTIA

Piperrak, hanburgesak eta gildak ere Eusko Labeleko elikagaietara batu dira

Eusko Labeleko elikagaien familiak hiru produktu berri ditu: Gernikako piper frijitu hoztuak, euskal baserriko oilaskoarekin egindako hanburgesak eta Ibarrako piper eta Arroitz olibekin egindako gildak.

Kalitate gorena, euskal jatorria eta kontsumitzeko erosotasuna, horiek dira Eusko Labelarekin landutako produktu berrien ezaugarri nagusiak. Kontsumitzeko eta elikatzeko ohiturak aldatu egin dira, eta produktuak ere joera berrietara egokitu dira, kalitatea eskaintzeari utzi gabe.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordeak, Bittor Orozek, eta Aitor Elizegi euskal chefak parte hartu zuten atzo aurkezpenean, Basquery Bilbao gunean.

Orozek adierazi zuenez, «produktu berriok ekoizle desberdinen arteko lankidetzan egindako berrikuntza proiektuen adibide argia dira, produktua bereizten dute, eta, finean, lehen sektorearen lehiakortasuna hobetzen laguntzen dute, Eusko Label produktuei balio erantsia gehituz».

Elizegiren esanetan, «finean, kontua da gure mahaiari eta etxeko ateari Eusko Label kalitatearen zigilua jartzea».

Produktuen ezaugarriak

Garaia kooperatibako zuzendari nagusi Aitor de Las Herasek aurkeztu zituen Gernikako Piperrak Oliba Olio Birjina Estratan jarriak. «Betiko piperrak dastatu ditzakegu bandeja minutu batez mikrouhin labean sartuta». Piper freskoa da eta ez du gehigarririk; oliba olio estratan frijituta dago, besterik gabe.

Jose Mari Murgiondo LumaGorriko arduradun komertzialak LumaBurger hanburgesaren ezaugarriak azaldu zituen. LumaGorri baserriko oilaskoarekin prestatutako produktua da. Hanburgesaren %94 haragia da eta, horrenbestez, oilaskoaren zapore bereizgarria du. Eskuz prestatzen dira erabat, oilasko izter hezurgabetuekin.

Ibarrako Piperrekin eta Arabako Errioxako Arroitz olibekin prestatutako gildak Iñaki Labaien Agiña Piperrak-eko gerenteak aurkeztu zituen. «Euskal pintxo tradizionalari gure lurreko eta Kantauri itsasoko lehengaien balioa gehitu nahi izan zaio: Eusko Label piperra, Kantauriko antxoa eta Arabako Moredako olibadietan jasotako Arroniz oliba».

Prestatutako gildak zapore naturala dauka. Arroitz aldaerako olibaren zapore begetal indartsuari esker, kontserbazio desberdinak dituen hiru lehengaiko pintxo honetan zapore guztiak bereiz daitezke, nahastu gabe. Bertako lehengaiekin prestatzen denez, ekoizpen prozesu osoa kontrola daiteke eta, horrenbestez, kalitate gorena eskaini. Produktua zortzi aleko potoan aurkeztu da merkatuan.

Eusko Label familia handitu da, beraz. Bertan daude kontsumitzeko prest dagoen euskal letxuga, Tolosako babarrun eta Arabako pintoen kontserbak eta Eusko Label behi haragiarekin egindako bolak, besteak beste.