GARA Euskal Herriko egunkaria
SURFING

Ballito Pro 2017: Jordy Smith garaile Hegoafrikan

Hegoafrikarrak nagusitu ziren etxean. Jordy Smithek garaipena lortu, eta aurtengo WSL munduko titulua eskuratzeko faboritoen artean kokatu da. Bestalde, hurrengo urtean lehen mailan egon daitezkeen lehiakideen zerrendan izen berri bat gehitu da, Michael February.


Jordy Smithek bigarren aldiz irabazi du Ballito Pro txapelketa ospetsua. Hegoafrikarrak haien aberkidea sostengatzera jaitsi ziren hondartzara, eta honek bere onena eman zuen, metro beteko olatu zailetan muturreko airekoak eta ariketa azkarrak eginez itzelezko ikuskizuna eskaini baitzuen.

Willian Cardoso izan zuen aurkari Smithek. Surflari brasildarra ere bikain aritu zen, baina aurtengo mundu txapelduna izateko aukera asko dituen Smithek maila bat gorago dagoela erakutsi zuen. Edonola ere, bi lehiakideek puntuazio altuak jaso zituzten. Smithek, 18,06 puntu bildu zituen bere bi olatu onenekin (8,33 + 9,73) eta Cardosok, berriz, 15,37 puntu bildu zituen (6,50 + 8,87).

Jordy Smith aurtengo munduko titulua eskuratzeko faboritoetako bat da. Egun hirugarren postuan dago CT rankingean (lehen maila), Matt Wilkinson eta John John Florencen atzetik. Beti punta-puntan ibiltzen den arren, oraindik ez du WSL munduko titulua eskuratu lehiakide beteranoak, eta horrenbestez, erretiratu aitzin ahalik eta emaitza onena lortzeko ikaragarrizko esfortzua egiten ari da hegoafrikarra.

Txapelketa garrantzitsua

Ballito Pro bigarren mailako txapelketa da, alegia, QS mailakoa, baina kategoria horretan egiten diren lehiaketen artean garrantzitsuenetakoa da. Izan ere, aurten guztira 56 txapelketak osatzen dute QS itzulia eta horietatik bost bakarrik dira 10.000 puntukoak. Ballito Pro mota horretako lehen txapelketa izan da eta QS rankingean eragin nabarmena izan du.

Balliton emaitza onak lortu dituzten lehiakideek nabarmen egin dute gora QS rankingean. Willian Cardosok, esaterako, bere bigarren postuari esker 27 maila gora egin eta QS rankingeko bigarren postua eskuratu du. Gaur egun lehen postuan beste brasildar bat dago, Jesse Mendes.

Finalera iristea lortu ez zuten arren, finalerdietan izan ziren beste bi lehiakideek ere nabarmen egin dute gora QS rankingean Ballito Pro lehiaketaren ostean. Mikey Wrightek 76 postu egin ditu gora eta egun hamaikagarren postuan dago australiarra. Finalerdietan izan zen beste lehiakidea, Michael February, ezezagun izatetik bat-batean famatu bilakatu da.

Michael February

Ballitoko txapelketari esker bere izena hizki larriz idatzi duen surflaria finalerdietan Jordy Smithek kaleratu zuen Michael February hegoafrikarra izan da. Joan den apirilean, Durbanen irabazi zuen 1.000 puntuko QS txapelketa bat, eta ekain hasieran 1.000 puntuko beste lehiaketa bat irabazi zuen Lamberst Bayen.

Hortaz, aurten Hegoafrikan egin diren QS mailako txapelketetan emaitza bikainak eskuratu ditu, baina maila apaleko txapelketak irabazi zituenez, orain artean ez zuen aparteko posturik lortu ranking orokorrean.

Azken emaitzaren ostean, ordea, 17 postu gora egin eta QS rankingean laugarren jartzea lortu du. Jordy Smith bera ere kontent zen Februaryk lortutako emaitzarekin: «Nire zorion beroenak eskaini nahi dizkiot Mikey (February) lagunari. Ea aurten lehen mailara igotzea lortzen duen», adierazi zuen txapeldunak.

Ballitokoa orain artean egin diren QS txapelketatik hogeita hamaikagarrena izan da. Hau da, jada erdiak baino gehiago egin dituzte, baina oraindik asko falta da aurtengo zirkuitua amaitzeko. Edonola ere, QS rankingean lehen hamar postuetan amaitzen duten lehiakideak izango dira lehen mailara igoko direnak eta February horien artean baldin badago Top 34eko aurreneko surflari beltza izango da.

Europar gutxi lehen postuetan

Europarrei dagokienez, ez zen aparteko emaitzarik lortu zuen lehiakiderik izan Hegoafrikan. Horretaz gain, QS rankingean ere ez dago nabarmentzen den lehiakiderik. Pare bat lehiakide aipatzearren, Jon Duru baionarra eta Jorgan Couzinet Reunion uharteetako surflaria aipa daitezke. Bi surflariak Frantziako “FR” siglekin lehiatzen dira.

Joan Duru, Aritz Aranbururen atzetik, lehen mailara igotzea lortu duen bigarren euskal herritarra izan da. Couzinet ostera, hamabigarren postuan da; beraz, QS rankingean egun posturik onenean dagoen europarra da.

Aritz Aranburu ere Balliton izan zen, baina ez zuen bigarren erronda pasatzea lortu. Ondorioz, gaur egun QS rankingeko 81. postuan dago eta “ESP” ikurra daramaten lehiakideen artean bigarren emaitza onena du zarauztarrak. Aranbururen aurretik dagoen beste ordezkari espainiarra Gony Zubizarreta da, aurtengo Zarautz Pro, 1.500 puntuko txapelketa, irabazi zuen galiziarra. Zubizarreta, 45. postuan da QS rankingean.

Ikuskizuna datozen asteetan

Ballito Pro txapelketaren ostean Hegoafrikan egiten den txapelketa garrantzitsuena dator. Aste honetan bertan hasiko da munduko eskuin olatu luze eta hoberenetako batean egiten den txapelketa ospetsua. Uztailaren 12 eta 23 artean egingo dute aurtengo CT itzulia osatzen duten hamaika txapelketetatik seigarrena, hain zuzen, Corona Open Jeffreys Bay 2017. Hots, Hegoafrikan dira egunotan munduko surflari onenetakoak.

Bigarren mailako lehiakideentzat, ostera, hil honen amaieran izango da hitzordu inportantea. Uztail amaieran hasi eta abuztuko lehendabiziko astean zehar jokatuko da Vans US Open of Surfing lehiaketa. Kaliforniako Huntington hondartzan egiten den txapelketa sonatuan, gainera, nesken lehen mailako WCT txapelketa ere egingo da.