Mikel Zubimendi
Kazetaria
IKUSMIRA

Agurmariak, minak eta porrotak, bakearen bide?

Apaiz abertzale batena da esana: Euskal Herrian bakeak fededun asko eta praktikante gutxi ditu. Bakearen kontu honek erlijioarekin duen konparazioa, baina, ez da solik kopuru kontua. Bide zaila da, guztien ahalegin inteligentea eskatzen du, apologetika eta autoflagelazio oro alboratzea.

Ikonografia santifikatzaile eta aurreiritzietan oinarritutako demonizazioetatik askatzeko prozesu bat eskatzen du, gertakariak beren inteligentziara bueltatzea. Beste hitz batzuetan esanda, historiari zentzua eta gertakariei beren kausa ez kentzea. Barneratzea partida ez dela bukatuko garaile eta garaituen merkatu batean, dena ala ezer ez bateko markagailuaz, arrazoi guztiarekin edo zero arrazoirekin. Beti, sekula, dena... pasio absoluturik gabe egin behar da jokoa. Hausnarketa kritiko baten laizismoa aldarrikatuz, erlijiorik gabe. Psikoanalisi kriminalik, kazetaritza konspiratzailerik, intimismo mediatikorik eta kausazko loturekiko etendurarik gabe.

Historia baten handitasuna aldarrikatzea libre behar du, ez dago, komenientziaren arabera, bere protagonistak politikaren, abertzaletasunaren edo gizakien generoaren parte direla ukatzerik. Onartu beharko da, beste garai eta molde batzuetan onartu legez, mina ematen duten argazki, keinu eta ekintzak beharko direla. Roxa Luxemburgek zioen gisara, iraultza soilik porroten segida batekin prestatu daitekeen bezala, bakeak bere porrotak behar dituela.

Zenbat porrot falta dira horretarako? Nola identifikatu beharrezkoak eta erremediorik gabekoak diren porrotak? Dena balantzaka dagoenean, horiek dira galdera zailenak.