JUL. 18 2017 Aizkora Iker Vicentek Jon Rekondo mendean hartu du eta Txapeldunen Ligako lehen postuan jarraitzen du J.L. Iker Vicentek irabazi zuen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako bigarren jardunaldia, eta Otsagabikoak sailkapeneko lehen postuan jarraituko du, jokatutako bi saioak irabazita. Hala ere, Rekondo izan zen onena aurreneko enborrean. 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren, eta hor Leitzakoa atera zen garaile. 32 kolpetan moztu zuen, eta bateko aldea atera zion aurkariari. Hortik aurrera, ordea, Iker Vicente nagusitu zen gainerako proba guztietan. Tamaina bereko enborra erlojuz kontra 53 segundoan ebaki zuen, eta 9 segundo atera zizkion Rekondori. Ondoren, zutikako 45 ontzakoa minutu eta 51 segundoan bota zuen Otsagabikoak, 13 segundo ateraz Leitzakoari. Laugarren lanean, 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta hori Ikerrek 3 minutu eta 53 segundoan bukatu zuen, eta Rekondok bost segundo gehiago behar izan zituen. Zutikako 45 ontzakoa eta etzaniko kana-erdikoa mozteko, berriz, 3 minutu eta 19 segundo behar izan zituen Vicentek, eta 4 minutu eta 7 segundo, Leitzako aizkolariak. Azkenik, lau kana-erdiko ebakitzen 10 minutu eta 15 segundo pasatu zituen Vicentek, eta 10 minutu eta 29 segundo, berriz, Rekondok. Lan guztiak burutzeko, 20 minutu eta 44 segundo behar izan zituen Iker Vicentek, eta 22 minutu eta 8 segundo, Jon Rekondok. Nafarroakoa Nafarroako Hirugarren Mailako kanporaketan Xuban Kañamaresek eraman zuen garaipena, eta berarekin batera, Moises Gogortza, Jexux Etxeberria, Emilio Garcia eta Iker Gorriti ere finala jokatzeko moduan izango dira, aurreneko bostak sailkatzen baitziren.