GARA Euskal Herriko egunkaria

Hiriburuko barauan bildutako sostenguak bidea irekiko du

Gaur emango diote amaiera Hiriburun euskal presoen aldeko aldarrikapena zabaltzearekin batera gatazka konpontzeko goseak gazte jitea duela adierazi nahian orain dela bi aste abiatutako ekimenari. Ezinbestean, hamabost eguneko barauak helmuga bat finkatzen du. Izan ere, gaurtik aitzin egunotan bildutako babes eta konpromisoak bideratzeko lana abiatuko da. Agerraldi jendetsu baten bidez, gazteek bultzatutako adierazpena plazaratuko dute gaur.


Uztailaren 8an abiatu zen ekimenaren amaiera eguna da gaurkoa. Azken hamabost egun horiek aztarnak utzi dituzte. Gorputz zein buruetan. Barauari ekin zioten lau gaztek batez beste 8 eta 10 kilo artean galdu dituzte, eta aitortzen dutenez, «psikologikoki memento zailak izan badira ere, oro har dena ondo joan da».

Gaurko deitu duten agerraldian xehetasun guztiak emanen badituzte ere, behin-behineko bilana «ezin positiboagotzat» jo du Unai Arkauzek.

Egunero bizpahiru eragileren bisita jaso dute baraugileek, oso pentsamolde ezberdinetako ordezkari politikoak, hautetsiak eta gizarte zibileko ordezkariak Hiriburun altxaturiko karparat hurbildu dira sostengu ematera.

Euskal jendartearen ikuspegi anitza ematen duten 30 eragiletarik goiti gazteekin bildu dira. Alderdietako ordezkariak, erakunde ezberdinetan jarduten duten hautetsiak, sindikatu edo kultur alorreko eledunak, batzuek zein besteek «sostengu beroa ekarri digute, baita aitzina begira urratsak egiteko nahikeria eta engaiamendua adierazi ere». Karparen barruan, bestalde, gazteen hauspoa sentitu dutela «etengabe» nabarmendu dio GARAri Arkauzek. Herri ezberdinetatik heldu dira, batzuek besta batzordeetan lan egiten dute, beste batzuk gazte dinamiketan murgiltzen dira. «Kontent gara martxan jarri ginenean aurreikusten genuen oihartzuna zabaltzea lortu dugulako», gaineratu du Arkauzek.

Karpako egunerokotasuna

Karpa barruan hitzaldiak, proiekzioak eta eztabaidak izan dira, hala nola preso eta iheslari ohien esperientziaren berri izateko, emazteek kartzelan pairatzen duten egoera hurbilagotik ezagutzeko, edota abokatuek egiten duten lanari hurbiltzeko.

«Uztailaren 9an Pariserat joan ziren hautetsien bisita izan genuen, eta argi erran ziguten beraiek presoen afera Parisko gobernamenduaren agendan sartzeko eraman zuten lana guztiz bateragarria dela guk martxan eman dugun ekimenarekin».

Karparen aitzinean, egunero elkarretaratzea egin dute, baraualdiaren xedeak karrikara eramateko. Era berean, «gehienbat gazteen bultzadapean» ostiralez hiru hiriburutan mobilizazio jendetsuak egin dira.

«Ahul baina bizkor gaude, ziur baikara barauan zehar metatu sostenguek segida dutela», laburbildu du Arkauzek.

 

Visita diaria de delegaciones

Los cuatro jóvenes que han ayunado las dos últimas semanas en Hiriburu han recibido la visita de una media de dos a tres delegaciones por día. La última jornada no rompió el ritmo de idas y venidas en la carpa. Por la mañana acudió la diputada LREM Florence Lasserre-David y por la tarde llegaron sendas delegaciones de Sortu –en la imagen– y del sindicato ELB. Isabelle MIQUELESTORENA