JUL. 24 2017 sokatira Gaztedik 560 kiloko txapela irabazteko lehen pausoa eman du J.L. Gaztedik eman du 560 kiloko txapela irabazteko lehen urratsa, aurreneko jardunaldia irabazi baitu. Orain arte amaituta dauden hiru mailetan Goiherri izan da nagusi eta bera egin da hiru txapelen jabe, baina, oraingoan, gorriek hartu dute aurre. Jokatutako tiraldi guztiak irabazi egin zituzten. Goiherri A sailkatu zen bigarren postuan. Orain arte dena irabazita daude, baina maila hau okertu egin zaie, nahiz eta zuzentzeko beste bi jardunaldi dituzten oraindik. Gaztedirekin galdu, eta gainerako taldeak mendean hartu zituzten. Hirugarren postuan berdinduta geratu ziren Gaztedi B eta Goiherri B. Lehen bi postuetan geratu ziren taldeekin galdu egin zituzten euren tiraldiak, eta biek Akelarre mendean hartu zuten. Euren arteko tiraldietan, ordea, berdindu egin zuten. Akelarre taldea izan zen sailkapena itxi zuen kluba. Jokatu zituen tiraldi guztiak galdu egin zituen. Aurreneko jardunaldia zela kontuan hartuta, sailkapen nagusia ere horrelaxe geratzen da.