Illarramendik eta Etxeberriak euren buruei jarritako erronkak bete dituzte
Imanol Illarramendi eta Gorka Etxeberria gustura ziren atzo Aiako probalekuan. Izan ere, biek lortu zuten marka pertsonalak hobetzea, eta horixe zen bien helburua.
Illarramendik bi erronka zituen. Bi eskurekin 216 kiloko errektangularra jaso behar zuen, eta, esku batekin, 170 kiloko zilindroa. Bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izan zituen. Bi eskurekin egin zuen Illarramendik arratsaldeko lehen saiakera.
Aurreneko marka 25 segundotan lortu zuen, baina, hala ere, aurrera jarraitu zuen, eta, atsedentxo bat hartu ostean, bigarren jasoaldia egiten ahalegindu zen, eta lortu ere egin zuen, horrela marka pertsonal berria lortuz. Hamar bat minutuko tartea eta gero, berriro ere plazara atera zen Illarramendi, eta oraingoan 170 kiloko zilindroa zuen aurrean, eta esku bakar batekin jasotzeko asmoa. Lehen jasoaldia 21 segundotan lortu zuen, eta horrekin marka lortu zuen. Atseden bat hartu, eta bigarren jasoaldia ere eman zion.
Gorka Etxeberriak, berriz, bi eskurekin lortu zuen helburua. 175 kiloko errektangularra izan zuen aurrean. Lehen jasoaldia 26 segundotan lortu zuen, eta, hiru minutu betetzerako, bigarrena ere lortu zuen. Kirolariak berak 79,5 kilo pisatzen ditu.