Zuekin gaude
Lagun bat zahar-etxe batean ibili zen lanean duela ez asko. Kontatzen zigun hantxe denetik zegoela, eta adinekoak, umeak bezala, banan-banan zaindu behar diren arren, nor bere berezitasunen arabera, ez zegoela bestela egiteko paradarik: zuk aginduak eman eta haiek zure aginduak bete, bestelako hartu-emanik gabe. Kontatzen zigun oso etsigarria zitzaiola astirik ez edukitzea negarrari emana zegoena besarkatzeko, edo poliki-poliki bere gauzez hizketan hasia zitzaionari apur batean arretatsu entzuteko, beldurtuta zegoena lasaitzeko, etengabean ibili behar baitzen atzera eta aurrera denen gutxieneko ongizatea bermatu ahal izateko. Gutxienekoa, alegia, higienea eta jana, funtsean, alderdi psikologikoa erabat abandonatuta. Laguna bezala, berdin haren lankideak, ezin ailegaturik, ezin arreta duina eskainirik, zaharrok beren zaharrak izan litezkeela pentsatzea ezin saihesturik. Lagunak kontatzen zigun beharginak denak zirela emakumeak, eta denak zeudela akituta eta frustratuta, denak lan-baldintza kaskarrez eta lau soseko soldataz sarituta, inolako aitorpenik barik.
Baldintza eskas horiengatik, merezi gabeko soldata txiki horiengatik, langile eskasiagatik, arreta arduratsu eta duina emateko ezintasunagatik, jendarte honetako zaintza-sistemagatik beragatik, langileei zein erabiltzaileei huts egiten dien horrengatik, sistema feminizatu eta prekario horrengatik, horrexegatik guztiagatik jarraitzen dute Bizkaiko zahar-egoitzetako langileek, emakume saldoak, greban. Luze doa, ez emakumeok, ez bidelagun izaten ari diren ELA sindikatua, ez daudelako prest, irmotasun miresgarriaz, Bizkaiko Aldundiaren azpijokoari, eta bereziki Unai Rementeria ahaldun nagusiari, jokoa egiteko. Hura buru, foru-erakundeak dio beste lan-gatazka bat dela, edozein enpresa pribatutakoa lakoa, eta, hortaz, ezin duela langileen alde esku hartu, ez duela ezer esateko auzi honetan, baina zerbait ari zaie esaten, «hor konpon!», hain zuzen ere.
«Hor konpon» esaten ari zaizkigu, greban daudenei ez ezik, ez gaitezen erratu, jendarte hau osatzen dugun pertsona guztioi ere: egungo zaharrei, eta etorkizunekoei, haietaz egun arduratzen ari direnei, eta gutaz noizbait arduratuko direnei. «Hor konpon» da, eskuak modu lotsagarrian garbitzea; hori da Bizkaiko Aldundiaren erantzun bakarra borroka sindikal eta feminista honi, zaintza-sistemaren antolaketa penagarria auzitan jartzen ari denari. Bada, gure elkartasun eta indar osoak grebari tinko eusten ari zaizkion emakume, langile eta borrokalari nekaezin horiei guztiei!