GARA Euskal Herriko egunkaria
sokatira

Gaztedik eta Goiherrik Euskal Herriko txapela izango dute jokoan 560koan


Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa amaitzeko bi jardunaldi besterik ez dira geratzen. Gaur jokatuko da 560ko azkeneko jardunaldia, eta etzi izango da 600 mistoko saio bakarra, eta horrekin akabo aurtengoa.

Gaur Plentzian jokatuko da 560ko saioa, 17.30ean. Eta emozioa izango da amaierako jardunaldi honetan, ez baitago ezer erabakita. Une honetan Gaztedi A doa lehen postuan, eta puntu batera dauka Goiherri A. Aurreneko jardunaldian Laukizkoek irabazi zuten eta bigarrenean berdinduta geratu ziren.

Gaur Gaztedik irabazi edo berdinduko balu, eurentzat da txapela. Gaur Goiherrik irabazi eta Gaztedi bigarren geratuko balitz, kitarakoa jokatu beharko lukete. Erandiokoek irabazi eta Gaztedi hirugarren edo atzerago geratuko balitz, berdeentzat litzateke txapela. Baina emozioa ez da izango lehen posturako bakarrik, hirugarrenerako ere lehia estua izango baita.

Podiumean sartzeko borroka ikaragarria izango da; izan ere, Gaztedi B eta Goiherri B berdinduta daude, baina jokatu diren bi jardunaldietan ere berdindu egin dute. Beraz, orain artekoa ikusita, eta kontuan hartuta normalena aurreneko biekin galtzea dela, eta biek Akelarre menderatzea, euren arteko dema erabakigarria izango da, eta ligaxkan ez bada kitarakoan, bietakoren batek gaurkoan aurretik amaitu beharko du.

Garbi dagoen gauza bakarra da azkena zein geratuko den. Akelarrek orain arteko bi saioetan azkena egin du, eta gaurkoan ere oso zaila izango du azken postu horretatik ihes egitea. 

Mistoa

Behin gaurkoa bukatutakoan, mistoen finala geratuko da, izan ere 600ko mailan jardunaldi bakarrera jokatuko da: etzi, 11.30etik, aurrera Laukizen. Gaztedi A, Gaztedi B, Gaztedi C eta Goiherri neurtuko dira. Talde bakoitzean lau mutil eta lau neska arituko dira.