GARA Euskal Herriko egunkaria
Aizkora

Rekondok iraupen proban erabaki behar izan du saioa

Aurreneko bi lanetan Saralegi aurreratu zen, baina saio luzean leitzarrak aldea atera zion.


Jon Rekondok mendean hartu zuen Aitzol Atutxaren ordez aritu zen Ruben Saralegi, herenegun Bilbon jokatu zen Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako hirugarren saioan.

Leitzarrak iraupen proban erabaki behar izan zuen norgehiagoka, ordura arte aldeak oso txikiak baitziren. Gainera, aurreneko bi lanetan, kolpekakoan eta erlojuz kontrakoan, Saralegik irabazi zuen, eta laugarren lanera arte Rekondok ez zuen aurrea hartzerik izan. Zutikako 45 ontzako enborrarekin hasi zen aldeak murrizten, eta hortik aurrera erabaki behar izan zuen saioa leitzarrak.

Iraupen probara bederatzi segundo aurretik sartu zen Rekondo, eta azkeneko lanean, alde handia atera zion. Garbi zegoen hasi aurretik ere segur aski lanik luzeenean erabaki beharko zela norgehiagoka hau, eta horrelaxe izan zen. Bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu behar izan zituen; 15 minutu eta 10 segundo pasatu zituen Rekondok horretan, eta Saralegik, berriz, 16 minutu eta 42 segundo. Denera, 26 minutu eta 16 segundo behar izan zituen lan guztiak burutzeko Jon Rekondok, eta 27 minutu eta 57 segundo, berriz, Saralegik. Horrela, Rekondok bi puntu batu ditu eta bat Saralegik.

Bi apustu

Xabier Zalduak lan handiak hartu ditu; izan ere Zumarragakoak bi apustu sinatu zituen herenegun gauean. Bata Arria V.aren aurka jokatuko du, eta bestea, berriz, Etxeberria II.aren aurka.

Errezildarraren aurka abenduaren 3an jokatuko du. Kirolari bakoitzak 10 kana-erdiko erdibitu beharko ditu eta beste horrenbeste kilometro korrikan egin. Alde bakoitzak 4.000 euro jarriko ditu eta egurrak Zalduak eramango ditu.

Zumarragakoak ez du atseden hartzeko tarte handirik izango, abenduaren 31n jokatuko baitu bigarrengo apustua, eta oraingoan Joxean Etxeberria gaztearen aurka izango da. Hor ere bakoitzak 10 kana-erdiko ebaki beharko ditu, eta ondoren korrikan 10 kilometro egingo ditu Zalduak, eta 8,6 kilometro, berriz, Etxeberriak. Azken honek eramango ditu enborrak, eta alde bakoitzak 3.000 euro jokatuko ditu. Bi norgehiagokak, gainera, Azpeitiko zezen-plazan jokatuko dira. Aspaldi ez du kirolari batek horrelakorik egin, alegia, hilabetean bi apustu jokatu.