GARA Euskal Herriko egunkaria
JOKOAK

Arabako hainbat txapelketa jokatuko dituzte Gasteizko jaietan


Iruñean gertatzen den bezalaxe, Gasteizen ere bertako jaiak baliatzen dituzte Arabako hainbat txapelketa jokatzeko. Gaur hasi eta festak amaitu bitartean, Foruen plazan herri kirol jaialdiak izango dira egunero, 12.00etan.

Gaur Binakako aizkolarien lehen finalerdia jokatuko da, eta bertan, Atutxa eta Juan Rodriguez Mugertza II.aren eta Kintanaren aurka neurtuko dira. Gainera, lasto-altxatzeko finala jokatuko da, eta bertan, Joxe Lauzirika, Jon Lapazaran eta Erlantz Franco neurtuko dira txapelaren bila.

Bihar eguerdian, aizkolarien bigarren finalerdia jokatuko da, eta bertan, Vicente II.a eta Rodriguez II.a, Jauregiren eta Zubiagaren aurka lehiatuko dira. Gainera, harri-jasotze finala era jokatuko dute Diazek eta Zubizarretak, eta baita ingude-altxatzekoa ere, eta hori Jon Lapazaranek eta Joxe Lauzirikak jokatuko dute.

Jaialdi hauek abuztuaren 8ra arte jarraituko dute eta herri-kirol zaleek tarte horretan gozatzeko aukera izango dute.