AUG. 05 2017 Aizkora Bigarren Mailarako bidean Labaienen egingo da aurreneko geldialdia J.L. Euskal Herriko Hirugarren Mailako lehen kanporaketa jokatuko da bihar Labaienen, 18.00etan. Hortxe abiatuko dute aizkolariek finalerako bidea, nahiz eta biharkoan aurreneko hiru sailkatuek bakarrik lortuko duten helburua. Eloy Kortxero, Beñat Lekue, Xabier Garcia, Done Intxausti, Daniel Lopez, Esteban Muñiz, Elorriaga II.a, Aitor Urteaga, Jokin Alkizalete, Luix Txapartegi, Mielanjel Etxeberria, Mikel Indakoetxea eta Eneko Saralegi neurtuko dira. Aizkolari bakoitzak lau kana-erdiko erdibitu beharko ditu. Hiru dira finalean sartuko direnak, eta garbi dago hemen batzuen eta besteen artean aldeak handi samarrak direla. Txapartegi, Alkizalete, Urteaga, Saralegi eta Kortxero dira finalean izateko faboritoak, eta ezeren okerrik ez dela, bost hauetako hiru lehiatuko dira azkeneko egunean Bigarren Mailara igotzeko borrokan. Lana, ordea, oso laburra da, lau kana-erdiko mozten edozer gerta daiteke, izan ere, adar txar bat nahikoa da bat finaletik at uzteko. Guztien artean eskarmenturik handiena Txapartegik dauka, bera Lehen Mailan ere aritua baita eta baita final bat baino gehiago jokatua ere. Beraz, biharkoa irabazteko faborito nagusia bera izango da.