Jon LEUNDA
Aizkora

Zutik jarritako enborrak erabaki du Gasteizko finala

Iker Vicentek eta Juanillo Rodriguezek jantzi zituzten txapelak. 

Iker Vicentek eta Juanillo Rodriguezek irabazi zuten atzo amaitu zen aizkolarien Gasteizko torneoa. Atzokoan mendean hartu zituzten Aitzol Atutxa eta Juan Rodriguez.

Neurketa honek berezitasun bat izan zuen; izan ere, Juan eta Juanillo, aita eta semea, elkarren aurka aritu ziren. Segoviarren arteko dema honetan, semea atera zen garaile.

Hasteko, 45 ontzako bana ebaki behar izan zuen aizkolari bakoitzak, eta proba hori Atutxak eta Rodriguez I.ak irabazi zuten, lana 2 minutu eta 15 segundoan burutuz, eta aurkariei sei segundoko tartea kenduz.

Bigarren lanean, zutik jarritako kana-erdikoa ebaki behar izan zuten, eta oraingoan Vicente eta Rodriguez II.a izan ziren onenak, lana 2 minutu eta 18 segundoan amaituz, eta aurkariei 25 segundoko tartea kenduz, finalean aurretik jarriz.

Baina norgehiagoka honek emozio handia izan zuen, eta hirugarrengoan, 60 ontzako bat ebaki behar izan zuten. Hor, Atutxa eta Rodriguez zaharrena izan ziren hobeak. Lana 4 minutu eta 15 segundoan amaitu zuten, eta besteei 18 segundoko aldea kendu zieten.

Baina saio erabakigarria laugarrena izan zen. Bikote bakoitzak zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako tamaina bereko enborra ebaki behar izan zituzten, eta hor Iker Vicentek eta Juanillo Rodriguezek alde handia lortu zuten. 2 minutu eta 42 segundoan amaitu zuten saioa eta minutu eta 11 segundoko aldea lortu zuten.

Iraupen proba bakarrik falta zen dena amaitzeko, eta minutu eta 12 segundoko aldea zuten Otsagabiko eta Segoviako El Espinar herriko gazteek, eta nahikoa izan zuten.

Azkeneko proban, bikote bakoitzak bi 60 ontzako eta bi oinbiko erdibitu behar izan zituen, eta hor Atutxak eta Rodriguez I.ak aurre hartu eta irabazi egin zuten, nahiz eta txapela lortzeko ez zien balio izan. Saioa 12 minutu eta 15 segundoan burutu zuten, eta Vicentek eta Rodriguez II.ak, berriz, 12 minutu eta 54 segundoan. Lan guztiak amaitzeko, 24 minutu eta 45 segundo behar izan zituzten Vicente II.ak eta Rodriguez II.ak, eta Atutxak eta Rodriguez I.ak 25 minutu eta 18 segundo. 

Orga

Oscar Saez de Castillok irabazi zuen atzo Gasteizen orga jokoko txapelketa. Bi itzuli eta erdi egin zituen, eta Eduardo Fernandez de Retabak hori ezin izan zuen ondu. Berak, 2 itzuli, 1/4 eta 3,30 metro egin zituen, bigarren postuan geratuz.