AUG. 13 2017 Harri-jasotzea Jokin Eizmendik iragarpen guztiak bete eta Igeldo Harriarekin nagusi izan da Kirolari zarauztarrak 16 jasoaldi eman zizkion, bere marka pertsonala onduz, etabigarren postuan sailkatu zen Telleria gazteari lauko aldea atera zion. Jon LEUNDA Ez zen ezusterik izan, eta Jokin Eizmendik irabazi zuen atzo Donostian jokatu zen Igeldo Harria Txapelketa. 134 kiloko oboide itxurako harri baldarrari zarauztarrak 16 jasoaldi eman zizkion, eta orain arteko bere marka pertsonala ondu zuen, gainera. Orain arte 15ean baitzeukan Eizmendik, eta atzo jokatu zen saioan, berriz, bat gehiago lortu zuen. Txapeldunak lau jasoaldiko aldea atera zion Telleria IV.ari, baina hortik atzera berdinketa ugari izan ziren, eta horrelakoetan gertatzen den bezalaxe, gero kirolariek duten pisua hartzen da kontuan, eta horren arabera egiten da sailkapena. Jende asko izan zen atzo Donostiako Trinitate plazan saioa ikusten, eta ez ziren damutuko, oso norgehiagoka ona ikusi baitzuten, denek ere maila handia eman baitzuten. Berezitasunen artean, berriz, lehen aldiz espainiar bat izan zela atzokoan saio honetan, Sergio Mielgo madrildarra aritu baitzen lanean. Azkena bukatu zuen, baina lau jasoaldi lortu zituen. Azken-aurrekoa izan zen lanean Jokin Eizmendi, eta aurretik bazekien besteek nola amaitu zuten. Bere atzetik Telleria bakarrik geratzen zen. Zarauztarrak jardun oso ona egin zuen, bere marka onduz, eta 16 jasoalditan jarri zuen langa. Ordura arteko onena zen, eta garbi zegoen txapela ia beretzat izango zela. Telleria izan zen azkena lanean aritzen, eta urnietar gazteak oso saio ona egin eta bigarren postua eskuratu zuen. 12 jasoaldi lortu zituen. Hirugarren postua lortu zuen Lopetegik. Illarramendirekin berdinduta geratu zen, biek 11 jasoaldi lortuta, baina Lopetegi Illarramendi baino arinagoa denez, beretzat izan zen hirugarren postua, eta podiumera igo zen. Illarramendi sailkatu zen laugarren. Bosgarren postuan sailkatu zen Xabier Peñagarikano, eta Aizarnazabalgoa oso gustura geratu zen egindako lanarekin, Igeldo Harria bederatzi aldiz bizkarrean berdintzea lortu baitzuen. Izeta IV.ak eskuratu zuen seigarren postua; zarauztarrak 8 jasoaldi eman zizkion. Hortik atzera, Etxeberria, Otaegi eta Urbieta sailkatu ziren, eta hemen ere zazpina jasoaldi lortu zituzten, baina berdinketa zegoenez, kirolarien pisua hartzen da kontuan. Sailkapena Mielgo madrildarrak itxi zuen, lau jasoaldi lortuta. Saioa amaitutakoan oso gustura agertu zen Jokin Eizmendi. «Oso gustura jardun dut lanean. Gorputzaldi ona izan dut», esan zuen. Zarauzkoak bere marka ondu egin zuen, eta horrekin ere gustura agertu zen. «Hori ere polita izan da, baina uste dut gaina harrapatua izango dudala», gaineratu zuen harri-jasotzaile zarauztarrak. Orokorrean, kirolari guztiek oso maila ona erakutsi zuten. JENDETZATrinitate plazako harmailek jendetza batu zuten Igeldo Harriaren ekinaldia bertatik bertara ikusteko. Beti erantzuten dute zaleek, baina azken urteetako jendetsuena izango zen atzo arratsaldean jokatu zen saioa.