GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Keparen ametsak


Beste behin ere saminak gure bihotzak kolpatu zituen lehengoan Keparen heriotzaren berri jakitean. Aurretik beste preso batzuk bezala kartzelak Kepa hil du, kartzelan ez baita inor hiltzen, kartzelak hil egiten du. Pertsona suntsitzeaz gain bere nortasuna eta ideologia ere akabatzea baitu xede kartzelak. Kartzela-sistema osoa horretarako diseinatua dago. Hainbeste gose-greba, urruntze, bakartze eta deserriren ondotik zein denbora luzeen poderioz presoaren osasunean ematen diren aldaketak pentsaezinak dira.

Kartzelan sartu orduko pertsona izateari uzten dio presoak, ongi antolatutako gimnastika anker baten bitartez goizetik gaueraino eta urtez urte kartzela barruko bizitza guztia arautuko diote funtzionarioek; hauek esango diote zer, nola eta zein ordutan egin behar duen egin behar duena. Horrela presoaren mugimendu zein pentsamendu guztiak kontrolatu eta arautzen ditu kartzelak. Horregatik kartzelan ez dago eritasun naturalik, kartzelako baldintzen eraginez sortutako eritasunak daude. Denak du bere ondorioa, dena da antinaturala. Gero eta ozenago azpimarratzen dute hori juristek, psikologoek edo adituek. Espazio eta askatasun faltak ez ezik, sortzen diren etengabeko tentsioek eta erasoek beren ondorioa uzten dute. Kartzela barruan dena dago antolatua pertsona anulatzeko. Inpunitatea jaun eta jabe da. Eta preso politikoa bazara are gehiago. Bere herritik eta maitekideengandik urrunduta presoak ez du kartzela bizitzen bakarrik, kartzela bizitzera behartua dago bai ala bai, bere presio eta arau guztiekin. Kartzelaren hertsitasunean nekez kabitzen hasiko da, intxaur azal baten barruan bizi den sentsazioa izango du, espazioa murrizten hasiko zaio eta arau guztien kontra egin beharko du, bizirauteko. Presoak ziega arrotz urrunduetan amesten jarraitu beharko du, Kepa bere ametsaren atzetik zihoan legez, « Askatasun osora ttanttaka/ geroaren alde bultzaka».

Has gaitezen Keparen geroa gauzatzen askatasunerantz.