Nerea GOTI
IKUSMIRA

Bederatzi egunetan zehar, beste herri bat

Bederatzi egun baino ez dira baina nahikoa dira egiaztatzeko bestelako herri bat eraikitzea posible dela, eta jaiak horren seinale izango ez ote diren pentsatu dut askotan, batez ere egunotan Bilboko Aste Nagusiaren arima diren konpartsen mugimenduari eta ereduari erreparatuta. Diruak kalean jai jendetsuak egiten dituzten espektakulu ikusgarriak eros ditzakeela ikusi dugu sarritan. Aldiz, kukaña umilak edota hiri krosa eta gastronomikoa bezalako hitzordu handi eta jendetsuak herri eragileen arteko sare indartsu batek bihurtu ditu egia, xumeenetik handienetara ikusgarritasuna ez da inoiz helburua izan eta elitismoak ez du bertan tokirik aurkitu.

Kolore ezberdinetako jantziek irudikatzen duten aniztasuna ikur dutela, konpartsek erakutsi dute gai direla ados ipintzen jai eredu herrikoi bat aurrera eramateko hainbat oztoporen gainetik, inor kanpoan uzten ez duen eredua, eta era berean, zutabe ideologiko sendoak altxatzea lortu duena, giza eskubideen defentsan euskal presoen auzia edota migratzaileen aurkako politikak salatzeko orduan, besteak beste. Aste Nagusiaren pregoia bera beste Bilbo horrek dituen printzipio nagusiak bildu ditu, nahi eta aldarrikapenekin batera.

Konpartsek eurek adierazi dutenez, deklaratu duten ‘gerran’ amodioz eta jaiez beteriko batailak baino ez dira kabitzen. Sare horren hornitzaile eta egunero milaka herritarren aterpe den jai-gunea eraikitzea ere ez da soilik diru kontua, antolakuntza eta boluntariotza lan itzela behar dira hiri oso bat dantzan jartzeko eta lortu dute, otoi egin gabe, kaleak ilusioz betez.