J.L.
Harri-jasotzea

Inhar Urruzuno plazetara itzultzeko prest dago belauneko lesioa gainditu ostean

Inhar Urruzuno berragertuko da bihar jokatuko den Bizkaiko finalean. Ondarruko harri-jasotzaileak belauneko lesio handi bat gainditu berri du, eta, hilabeteak geldirik egon ostean, berriro ere lanerako prest dago. Denbora asko geldirik egon arren, bera izango da biharko finala irabazteko faborito nagusia. Saioa Mallabiko Zengotita auzoan jokatuko da, 12.30etik aurrera.

Urruzunorekin batera, Zelai V.a, Julio Jimenez, Iñigo Jimenez, Jon Peter eta Asier Zubiaga lehiatuko dira. Kirolari bakoitzak 100 kiloko kopa, pisu bereko kubikoa eta pisu bereko bola erabiliko ditu eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izango dituzte.

Bestetik, gaur jokatuko da Elgoibarko plazan San Bartolome Torneoa. Hiru harri-jasotzaile bakarrik izango dira 18.00etatik aurrera jokatuko den proban. Eizmendi, Galarraga eta Illarramendi izango dira lanen arituko diren kirolariak. Bakoitzak Elgoibarko bi harri berezi erabili beharko ditu, Belaustegi eta Mintxeta harriak, eta bakoitzarekin lanean aritzeko bosna minutuko txanda bana izango dute. Saioa 18.00etatik aurrera jokatuko da.