AUG. 27 2017 Harri-jasotzea Zelaik irabazi du gazteen mailako Euskal Herrikoa J.L. Zelai V.ak irabazi zuen herenegun iluntzean jokatu zen Euskal Herriko Gazte Mailako Txapelketa. Bizkaitarra zen faboritoa, eta ez zuen hutsik egin, nahiz eta lan asko egin behar izan zuen garaipena lortzeko. 100 kiloko zilindro zaharra eta pisu bereko bola erabili behar izan zituzten, eta bakoitzarekin lanean aritzeko hiruna minutuko txandak izan zituzten. Zelaik 33 eta 17 jasoaldi lortu zituen bakoitzarekin, eta denera 50 jasoaldi ematea lortu zuen, eta horrekin lortu zuen txapela. Bigarren Olaizola sailkatu zen, eta zarauztarrak lehenengo harriarekin galdu zuen txapela, bigarrenarekin hobea izan baitzen. 29 eta 19 jasoaldi ematea lortu zuen, eta denera bi harriak 48 aldiz bizkarrean berdintzea lortu zuen. Sailkapena Solozabalek itxi zuen. Hau aurreneko bietatik oso aparte geratu zen. 13 eta 5 jasoaldi ematea lortu zuen, denera, 18 jasoaldi lortuz. Atzo arratsaldean, berriz, Jokin Eizmendik irabazi zuen Elgoibarko San Bartolome Torneoa. Lau kirolari lehiatu ziren, eta bakoitzak Elgoibarko “Belaustegi” eta “Mintxeta” harriak erabili behar izan zituen. Aurreneko harriak 146 kiloko pisua du, eta bigarrenak, berriz, 125 kilokoa. Bakoitzarekin lanean aritzeko bosna minutuko txandak izan zituzten kirolariek. Eizmendik 12 aldiz berdindu zuen “Belaustegi” harria eta “Mintxeta”, berriz, 14 aldiz. Ondorioz 26 jasoaldi lortu zituen. Illarramendik 8 jasoaldi eman zizkion “Belaustegi”-ri eta 11 “Mintxeta”-ri, denera 19 lortuta. Hirugarren postua izan zen Galarragarentzat. “Belaustegi” 8 aldiz jaso zuen, eta 10 aldiz “Mintxeta”. Etxeberriak itxi zuen sailkapena. Ezin izan zuen “Belaustegi” bizkarrean berdindu eta 8 aldiz jaso zuen “Mintxeta”.