AUG. 29 2017 IKUSMIRA 2.616 egun Beñat Zaldua Kazetaria Ezta bat ere gutxiago. Horiek dira abortuaren aferak Auzitegi Konstituzionalean zain daramatzan egunak. PPk helegitea jarri zuen 2010eko ekainean Zapateroren gobernuak adostutako erreformaren aurka, eta zazpi urte beranduago, hamabi epaileek oraindik ez dute bere iritzi (printzipioz) loteslea eman. Bitartean, eta zorionez, erreformak bere horretan jarraitzen du, sozialki inolako gatazkarik sortu gabe. Ezkerrak irabazitako pultsua izan da eta hala onartu zuen Rajoyk berak, Gallardonek bultzatutako atzerapausoa bertan behera utzi zuenean (inposatzeko gehiengo absolutua zeukan arren). Eta hala izanda ere, epaile kontserbadoreek kontrolatzen duten Auzitegi Konstituzionalak ez du PPren helegitea lurperatu oraindik. Estatuaren bi aje nabarmen azaleratzen ditu auziak. Batetik, XIX. mendeko sistema judizial mantso, burokratizatu eta kontserbadore bat, gizarteak normalizatutako berrikuntzak tantaka eta beti berandu bere egiten dituena, erresistentzia nabarmena erakutsiz, askotan. Bestetik, eta oso lotuta, Auzitegi Konstituzionala hirugarren ganbera legegile gisako bat bihurtzen ari dela ongi adierazten du abortuaren auziak. Hala gertatu zen Kataluniako Estatutuaren sententziarekin ere (zurekin hasi zen dena, Piqué-ren hitzetan) edo Madrilgo Gobernuak auzitegira eramandako euskal lege eta ekimen guztiekin, bai Iruñeko eta bai Gasteizko parlamentuetan gehiengo handiekin adostutakoak. Herritarren botoek boteretik urruntzen duten lekuetan, PPk auzitegien bidez inposatzen ditu bere politikak. Katalunian hasiak dira erremedioa jartzen atzo aurkeztutako legearekin. Eta gu?