Josu Jimenez Maia
Idazlea
KOLABORAZIOA

Obrak mintzo

Espainolek eta frantsesek zuzenbide-estatu banatan bizi garelako erretolika gogaikarria zenbaitek sinesten duten arren, okerbide-estatu batean bizi gara. Carmen Alba Espainiak Nafarroa Garaian duen ordezkaria da, gobernadore zibila alegia, PPren eskuin usteleko kidea. Alba obren bidez mintzo da, eta uda honetan Nafarroako hainbat herritan ikurrina udaletxeetan jarri delarik Alba andreak salaketak iragarri ditu. Izan ere, Nafarroako Gobernuan aldaketa egonagatik, Alba andrearen jazarpen politikak bere horretan dirau.

Hortaz, trafiko-eskabide bat euskaraz egin nahi baduzu, egizu, baina jakin ezazu itzuli behar denez izugarri atzeratuko dela izapidea; badakizu norekin sartzen ari zaren. Jaien karietara herriko faroletan ikurrina, arrano beltza eta Nafarroako banderak jarriz gero, Guardia Zibila etorri, geldiarazi eta izapide bat zabalduko du, ondorioak ondorio; badakizu norekin sartzen ari zaren. Ikurrina udaletxean jartzen baduzu, Alba andreak salaketa jarriko du; badakizu norekin sartzen ari zaren. Haatik, horrek guztiak ez du esan nahi eskabideak euskaraz egiteari eta geure ikurrak jartzeari utzi behar diogunik, edota ikurrina udaletxean paratu behar ez denik.

Izan ere, eskuinaren estrategia beti izan da eskuinak berak ezarritako gehiegikerien eta zigorren zergatia biktimari berari egoztea; badakizu norekin sartzen ari zaren... Eskuinak inposatutako neurri antidemokratikoak, eskuinak berak sortutako neurri inkisitorialak, geuri egozten dizkigu, gu-geu erantzule bihurtuta.

Mehatxu politikaren euskarri gisa legea aipatzen da beti, eta legea begiak estalita dituen estatua batekin irudikatu ohi da, ustez eta denok legearen aurrean berdinak omen garelako... Ez gaitezen engaina; lege burgesa oximoron bat da, eta lege andreak begiak estalita baditu, burgesen okerkeriak ikusi nahi ez dituelako da.

Alba inkisidorearen gehiegikeriak salatzeaz gain, perspektibarekin ikustea komeni da; izan ere, hemendik urte batzuetara, nola ikusiko da Alba andrea Historiaren begietatik? Inkisidore obsesibo patetiko baten gisa, ez bertzerik.

Gu inkisizioak erre ezin izan zituen sorginen seme-alabak gara. Katalunia egunero mintzagai badugunez, Generalitateko buru Lluis Companysek esandakoa ekarri nahi dut gogora: «Zuhurtziak ez gaitzala traidore bihur». Katalanen ausardia miresten dugun neurri berean, joka dezagun geuk ere ausart, zirt-zart; obrak mintzo dira.