GARA Euskal Herriko egunkaria
JO PUNTUA

Hiltzeko era ugari


Hiltzeko modu asko dago. Sabelean labana bat sartu ahal dizute. Gorrotoa begian duela zure bikotekide ohiak heriotzara arte jazarri. Lanetik etxera iristean, marmolezko gain zuriaren aurka burua kolpatu. Zure arima hil dezakete, zilbor-hestea mozteke duen haurra «bere buruaz beste» egitera bultzatuz.

Ogia ukatu. Sabai izarrak, kartoi izarak. Oinarrizko errenta ukatu ahal dizute, kanpaina xenofoboen bitartez pertsonen duintasuna kraskatuz. Harrokeria erdi(purdiko) klasekoz, besteren lanaren lepo bizi zarela aurpegiratuz. Lapurra hankapekoaren lepoa estutzen duen botina dela jabetu nahi ez-eta.

Gaixotasun bat sendatu ez. Banketxeak diru publikoz erreskatatzen diren une berean, ospitale publiko batean murrizketen ondorioz oherik ez dagoela eta etxera bidalaraztera behartuko dituzte medikuak. Moral ultrakatolikoaren bitartez, besteren bizitzak kontrolatu dituzten artean abortu eta eutanasia eskubideak ukatuz.

Etxebizitza kaskar batean sartu. Edo zure etxebizitzatik poliziaren bitartez indarrez kanporatu. Etxebizitza eskubidea bermatu ez. Zure bizitza leihotik behera bota, azpian koltxoi bat baduzu salbatuko zarenetz.

Zeure buruaz beste egitera bultzatu. Errua, zaurgarritasuna, bakardade sentsazioa, helduleku falta. Estresa, depresioak, drogak, farmaziak, homeopatia.

Lanaren bitartez heriotzara arte torturatu. Lana denbora da, denbora urre. Lehiaren izenean segurtasun neurriak murriztu. Kontratu gabe lana egitera behartu. Soldata kaskarren bidez lan bat baino gehiago egitera bultzatu, oinarrizko behar diren etxebizitza, argindarra, ura eta elikagaiak ordaindu ahal izateko artega.

Poliziak gomazko pilotaz kolpatu eta akabatu. Erreka batean burua ito arte sartu, komisarian heriotzara arte kolpatu. Espetxean zure herritik ehunka kilometrora isolatu ahal zaituzte. Tratu txarren bitartez, sufrimenduz heriotzara bultzatu. Zure senideak auto istripuen ausazko erruletan jokatzera behartu.

Gerrara eraman. Edo gerra zure auzora ekarri. Armen salerosketa negozio ikaragarria delako.

Guzti hauetatik oso gauza gutxi daude debekatuta gure Estatu honetan. Hau guztia, Estatu arrotz honen eguneroko praktika da.