SEP. 08 2017 Aizkora Ligako finalari begira jarrita neurtuko dira Ugaitz Mugertza eta Aitzol Atutxa Jon LEUNDA Urdulizen jokatuko da gaur eguerdian, 12.00etatik aurrera, Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako azken-aurreko jardunaldia. Bertan Aitzol Atutxa eta Ugaitz Mugertza izango dira aurrez aurre. Garrantzitsua da, gainera, saioa; izan ere, finalean hiru aizkolari izango dira eta ondorioz azken sailkatua lehiaketatik kanpo geratuko da. Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin beharko ditu. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan ebaki lehiatuko dira. Horren ondoren, tamaina bereko enborra izango dute berriro ere ebaki beharra, baina kasu honetan erlojuz kontra erdibitu beharko dute. Hirugarren lana abiadurakoa izango da, zeinek 60 ontzakoa azkarrago moztu neurtuko baitira. Ondoren, 45 ontzako enborra zutik jarrita ebaki beharko dute, jarraian etzanda jarritako kana-erdikoa erdibitzeko. Azkenik, iraupen lana egin beharko dute, eta lau kana-erdiko moztu beharko dituzte. Bientzat da garrantzitsua gaurkoa, izan ere, azkeneko bi postuetan daude sailkapenean, eta gaur galtzen duenak oso zaila izango du finalean izatea. Mugertzak 2 puntu ditu eta bakarra, berriz, Atutxak.