Jon LEUNDA
Aizkora

Aitzol Atutxak Txapeldunen Ligako finalean izateko urrats handia egin du

Bizkaitarrak iraupen proban erabaki ahal izan zuen, azkeneko lan horretaraUgaitz Mugertza aurretik sartu zen, baina gero aldeari ezin izan zion eutsi.

Aitzol Atutxak Urrezko Aizkorako Txapeldunen Ligako finalean aritzeko urrats handia eman zuen atzo Ugaitz Mugertza mendean hartu ostean. Amaieran minutu eskaseko aldea egon zen bi aizkolarien artean.

45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu izan zen egin behar izan zuten aurreneko lana, eta hori bizkaitarrak irabazi zuen, berea 43 kolpetan bota baitzuen, gipuzkoarrari 14 kolperen aldea atereaz. Bigarrena Mugertzak irabazi zuen, 45 ontzakoa minutu eta 3 segundoan bota baitzuen, eta 11 segundoren aldea atera zion.

Hirugarrena mutrikuarrak irabazi zuen. Zutik jarritako 45 ontzakoa 2 minutu eta 13 segundoan amaitu zuen, eta 14 segundoren aldea kendu zion. Honen ostean, Mugertza aurretik zen, 11 segundoko aldearekin.

Laugarren proban, 60 ontzakoa ebaki behar izan zuten, eta hau ere Mugertzak irabazi zuen, jarduna 3 minutu eta 41 segundoan burutuz eta aurkariari lau segundoren aldea kenduz. Hemendik aurrera, ordea, Atutxa nagusitu zen. Bosgarren saioan, bakoitzak zutik jarritako 45 ontzakoa eta etzanda jarritako kana-erdikoa ebaki behar izan zituen, eta 3 minutu eta 34 segundoan bota zituen Atutxak, mutrikuarrari 11 segundo kenduz. Iraupen probara, azkenekora, alegia, Mugertza sei segundoko abantailarekin sartu zen, baina ez zen nahikoa izan. Lau kana-erdiko ebakitzen, 13 minutu eta 57 segundo behar izan zituen Atutxak, eta 15 minutu behar izan zituen Mugertzak. Lan guztiak burutzeko, 25 minutu eta 40 segundo behar izan zituen Aitzol Atutxak eta 26 minutu eta 37 segundo, berriz, Mugertzak.

Urrezko Aizkolarien Txapeldunen Liga amaitzetik gertu dagoen honetan, Urrezko aizkolarien Kopa jarriko da abian, eta aurreneko jardunaldia gaur bertan jokatuko da Leioako Udondo auzoan, 19.00etatik aurrera. Bertan Mieltxo Mindegia eta Julen Kañamares lehiatuko dira. Kanporaketa eran jokatuko da lehiaketa hau, eta galtzen duenak etxerako bidea hartu beharko du. Iraupen probako saioa izango da, lan bakar batera, eta aurreneko kanporaketa honetan, aizkolari bakoitzak zortzina kana-erdiko ebaki beharko ditu.

Etzi, Gasteizen, Olarizuko belardietan, 18.00etatik aurrera Arabako Binakako finala jokatuko da. Jauregi eta Lacobutti, Zubiaga eta Polanco, Llanos eta Rodriguez II.a, Kintana eta Armentia eta Rodriguez I.a eta Kortxero izango dira lehian arituko diren aizkolariak.

Harria

Harriak ere izango du protagonismoa datozen egun hauetan. Bihar eguerdian Legution Arabako orga-jokoko eta harri txikien finalak jokatuko dira. Harri jasotzen, Julen Diaz, Iker Zubizarreta eta Mateo Coloma arituko dira. Arratsaldean, 18.00etan, Samaniegon izango da Arabako txingako finala.

Harri-zulatzaileek ere izango dute lanik asteburu honetan, eta bihar 12.00etan Sopelako plazan jokatuko da Binakako Bizkaiko Txapelketa. Gil eta Gomez, Hidalgo eta Gartzia, Rufrancos eta Benito, Calabozo eta Serrano, Duran eta Suberbiola eta Casillas eta Obregon lehiatuko dira.