SEP. 10 2017 Aizkora Mieltxo Mindegiak Mujika menderatu eta aurrera egin du Urrezko Aizkorako Kopan Jon LEUNDA Mieltxo Mindegiak irabazi zuen Urrezko Aizkolarien Kopako aurreneko kanporaketa, Jexuxmari Mujika mendean hartu ostean. Zubietako aizkolariak Kañamares III.aren aurka lehiatu behar zuen, baina azken hau gaixorik zegoen, eta amaieran Mujikak ordezkatu zuen. Kanporaketa polita izan zen, nahiz eta lehen enborretik aurre hartu zuen Mindegiak. Horrela jarraitu zuen amaierara arte, nahiz eta inoiz ez zuen ikaragarrizko alderik lortu, eta bukatu arte jo eta su jardun behar izan zuen lanean. Aizkolari bakoitzak zortzina enbor erdibitu behar izan zituen, eta 18 minutu eta segundo bat behar izan zituen Mindegiak, eta 19 minutu eta 15 segundo Mujikak. Amaieran oso gustura zegoen Zubietakoa. «Oso gustura nago. Helburua aurreneko kanporaketa hau gainditzea zen, eta hori lortu dut. Orain, hemendik aurrera, hurrengo kanporaketan pentsatu behar dut. Gaurkoarekin oso gustura geratu naiz», esan zuen. Hala ere, garbi utzi zuen ez zela kanporaketa erraza izan. «Lehen enborretik aurretik jarri naiz, eta horrek beti ematen du poza eta indarra eta horrela egin dut aurrera. Hala ere, ez dira alde handiak izan, eta amaierara arte lanean jarraitu behar izan dut», adierazi zuen. Zubietako aizkolariak.