Gotzon Elizburu
Kazetaria
JO PUNTUA

Gradetatik jaitsi

Tentsio maila altuko une politikoetan sarri entzun izan dut, edo esan izan dugu gora begira gaudela, ea zer gertatuko den zain. Ikusle, gradetan eserita, tenis partidua ikusten. Begirada pilotan iltzatuta burua ezker-eskuin mugitzen. Tantoak eta akatsak komentatzen. Match ball-a nork joko zain. ETAren eta Estatuaren arteko negoziazio garaietan gertatzen zen.

Eta Katalunian gertatzen ari denarekin ere antzera gabiltzala esango nuke. Ez ote diogun gure buruari sinetsarazi ikusle papera dagokigula. Jokoa beste nonbait jokatzen ari dela eta funtsean gutako bakoitzak ez daukagula ezer egiterik. Edo gure herria beste momentu historiko batean dagoela, txakalaldian eta hangoak hemen ezer gutxi eragingo duela. Ze badakizu; PNV, jendea, bla bla bla.

Bai, egia izan liteke hori dena eta gehiago.

Baina gure ahalmena eta potentziala gutxiesten ere ari garela esango nuke batetik, eta bestetik, besteren zain egon gabe, gutako bakoitzak zintzoki zertarako prest dagoen hausnartu eta ekiteko sasoia ere badugu.

Kataluniako prozesua 78an frankismoa txapa y pintura pixka batekin blindatzen saiatu zen estatu eredua kolokan jarri duen torpedoa da. 40 urteko prozesua izan da. Inork ez zuen imajinatu hala gertatuko zenik, baina zutabeak kolokan daude. Hainbeste amestutako unea hau dela esatera ere ausartuko nintzateke.

Inork ez daki urriaren 1ean zer gertatuko den. Katalanek ere ez seguruenik. Baina Estatuarekin azken hamarkadetan izan dugun harreman eredua aldatzeko potentziala dauka. Aukera leiho bat irekiko da eta horrek aldaketa handiagoa edo txikiagoa emateko izango duen marjina guk borrokatzen dugunaren araberakoa izango da.

«Hik bultza gogor hortikan, ta bultza nik hemendikan, ikusiko dek nola-nola laister eroriko dan». Inoiz baino gehiago begira egoteari utzi eta gradetatik jaisteko unea da. Lehengo larunbatean Bilboko manifestazioan abiapuntu polita jarri zuen, eta askoz gehiago izan gintezke. Aurrea bolie!