SEP. 26 2017 IKUSMIRA Errepaso historiko txikia, Idusek erabakitzeko zain Xabier Izaga Kazetaria Sorayak, Zizeronek Katilinari nola, «noiz arte jarraituko duzu abusatzen eta Kataluniako herria atezatzen?» esan berri dio, Katilinari barik, Puigdemonti. «Quosque tandem abutere patientia nostra?» galdera zaharra, ordea, behin eta berriz egin dio Kataluniak Madrili azken uteotan, harik eta, kataluniarren pazientzia agortuta, erretoriko, alferrikako, nekagarria dela ikusi duen arte. Egunotan entzuten ari garen hainbat adierazpen bezain alferrikakoa. Besteak beste, PSOEren txantxa nabarmenduko nuke nik, joan den astean bertan Kataluniako herritarren borondatea gauzatzeko prozesua bertan behera utzi eta berriro elkarrizketari hel diezaiotela deitu zuenekoa. Edo Urkulluren deia, Madrilek behin eta berriz uko egin duena negoziatzeko, erreferendumaren «berme falta» haren aldeko indar eta instituzioei egotzi ondoren. Bere alderdiak azken 40 urteotan Estatutuko 37 eskuduntza pausoz pauso, apurka-apurka, negoziatzen ari den bezala. Eta badirudi Rajoyk aintzat hartu duela lehendakariaren deia. Urteetako mespretxua ordezka lezakeela uste duen elkarrizketarako proposamena egin du: kataluniarren pazientzia agorrarazi duen legearen barneko elkarrizketa... kataluniarrek Zizeronen galdera errepikatzeari utzi eta Julio Zesarrek 14 urte geroago esandakoa adierazi dutenean: «Alea jacta est». Gorde daitezela denak martxoko ez baina urriko Idusetatik. Idusek, diotenez, berri onak ekartzen dituzte berekin, baina akabera ere ekar lezakete, «veni, vidi vici» esateko ohitura hartu zuen hari bezala.