Iker Bizkarguenaga
Kazetaria
IKUSMIRA

Orrialde zuri kitzikagarria

Futbolean topikorik bada, partidaz partida joan behar dela esaten duen hori da, piano piano. Entrenatzaile guztiek erabiliko dute, nahiz eta buruan hurrengo sei hilabeterako plangintza osoa izan. Katalunian, aldiz, ezinbestean dabiltza horrela. Ziurgabetasuna erabatekoa da, zalantza nagusi, eta horrela ari dira egunak pasatzen, egunsentiak zer ekarriko duen jakin gabe.

Hala ere, U-1erako bideak ondorio batzuk utzi ditu dagoeneko. Alde batetik, agintari espainolek ezin izan dute euren hasierako asmoa gauzatu, hots, erreferendumaren kanpaina eragotzi. Hori zen beren gogoa, eta saiatu, saiatu dira. Baina errealitateak gainditu egin ditu, eta egunek aurrera egin ahala ekitaldiak eta mobilizazioak ugaldu egin dira.

Bestetik, Estatu espainolaren inprobisaziorako gaitasuna baieztatu da. Irailaren 20an jazotakoak –inflexio puntua–, edo poliziak garraiatzeko ontzien erridikuluak, besteak beste, anekdotak baino plangintzarik ezaren adierazgarri dira. Eta gezurra ematen du, pentsa baitzitekeen Estatuak agertoki guztiak oso ondo aztertuta izango zituela.

Edonola ere, eta esan bezala, inork ez daki orain zer gertatuko den. Edozer. Baina apustu egingo nuke igandean pozik egoteko arrazoi gehiago izango dituztela independentziazaleek. Batez ere, beraiek dena dutelako irabazteko, Estatuak galtzeko bezainbeste.

7K-rako erreportajea prestatzen ari ginela CUPeko zinegotzi Maria Ballesterrek auzi honen gako bat azaldu zigun: «Orain arte emanda etorri zaiguna erabakitzeko aukera dugu orain; orrialde zuria dugu aurrean, guk idazteko zain». Eta ez zait okurritzen norberaren historia idatzi ahal izatea baino ezer kitzikagarriagorik.