OCT. 02 2017 Harri-jasotzea Aimar Irigoienek irabazi du Euskal Herriko txapela Errezildarrak hasieratik erakutsi zuen bere nagusitasuna, nahiz eta Lopetegik aurre hartu zion bolarekin.Ordurako, ordea, dena erabakita zegoen. Podiuma Izeta IVa.k osatu zuen, Aizarnazabalgo finalean. Last update: OCT. 02 2017 - 07:56h Jon LEUNDA Ez zen ezusterik izan atzo Aizarnazabalen jokatu zen Euskal Herriko Harri Txikien finalean, eta Aimar Irigoienek aise irabazi zuen, iaz galdu zuen txapela berreskuratuz. Bigarren posturako ere ez zen ezusterik izan, eta Lopetegi zarauztarrak lortu zuen. Kirolari bakoitzak 125eko errektangularra, pisu bereko zilindroa, 112,5eko kubikoa eta 100eko bola erabili behar izan zituen, eta lanerako, bakoitzarekin hiru minutu izan zituen. Aimar Irigoienek hasiera-hasieratik erakutsi zuen bere nagusitasuna. Errezildarra jaun eta jabe izan zen. Errektangularrari 31 jasoaldi eman zizkion, zilindroari 32, 23 kubikoari eta 24 bolari. Denera, 110 jasoaldi lortu zituen, eta 12.862,5 kilo bizkarreratu zituen. Bigarren postuan sailkatu zen Mikel Lopetegi. Zarauztar gazteak, 30 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 28 zilindroari, 19 kubikoari eta 26 bolari. Hemen gailendu zen zarauztarra eta Aimar baino bi jasoaldi gehiago lortu zituen, baina ordurako dena erabakita zegoen. Denera, 103 jasoaldi lortu zituen, eta 11.987,5 kilo bizkarreratu zituen. Izeta IV.ak osatu zuen podiuma. Zarauztarrak, 26 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 27 zilindroari, 20 kubikoari eta 21 bolari. Denera, 94 jasoaldi lortu zituen, eta 10.975 kilo bizkarreratu zituen. Peñagarikano sailkatu zen laugarren postuan. Gertu izan zuen hirugarrena ere, baina laugarren horrekin konformatu behar izan zuen. 24 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 27 zilindroari, 20 kubikoari eta 22 bolari. Denera 91 jasoaldi lortu ditu, eta 10.800 kilo bizkarreratu zituen. Bosgarren sailkatu zen Jimenez avilarra. 17 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 18 zilindroari, 10 kubikoari eta 18 bolari. Denera, 63 jasoaldi lortu zituen, eta 7.300 kilo bizkarreratu zituen. Etxeberriak 16 jasoaldi eman zizkion errektangularrari, 14 zilindroari, 11 kubikoari eta 11 bolari. Denera, 52 jasoaldi lortu zituen, 6.087,5 kilo jasoz.