OCT. 02 2017 PATAGONIA Marcus Pucher-ek Guillaumet Orratza neguan eta bakarkaigo berri du Iragan irailaren 8an izan zen, eta alpinista austriarrak erpina «Amy-Vidailhet» korridoretik egin zuen. Pucherrek dio baldintza gogorrak izan zituela. Andoni ARABAOLAZA Marcus Pucher-ek “maitasun” berezia du Patagoniako erpinekin; izan ere, hauek bisitatzen eta eskalatzen pare bat hamarkada egin ditu. Irakurleren batek edo bestek jakingo duenez, azken urteotan 40 urteko alpinista honek helburu finko bat du: Cerro Torre neguan eta bakarka igo. Nahiz eta oraindik ez duen lortu, aurreratu dezakegu gertu ibili dela. Joan den urteko irailean, adibidez, gailurretik 40 metro eskasera geratu zen. Iazko neguko denboraldian, alabaina, Cerro Polloneren saria jaso zuen, erpin hau bakarka eskalatu ondoren. Bakarkako igoeretan espezialista handia dela ez du inork zalantzak jartzen, eta horren isla dugu iragan irailaren 8an lortu zuena: Guillaumet Orratzaren neguko eta bakarkako lehen igoera. Egun batzuk lehenago, Fitz Royn saiatu zen, baina, tontorretik gertu zela, haizete bortitzek atzera egitera behartu zuten. Guillaumeteko jardunari dagokionez, austriarrak onartu du eskalada gogorra izan zela: «Ekaitz batek harrapatuta igotzen hasi nintzen, eta, gezurra badirudi ere, gailurrean eguzkiak harrera ederra egin zidan. Erori berria zen metro erdiko elurrarekin borrokatu eta dena eman behar izan nuen. Zalantzarik gabe, oso baldintza kaskarrak ziren. Egun berezia izan zen, eskaladaren lehen urratsak elurte baten azpian egin nituelako. Tontorrera, berriz, arratsaldeko ia lauretan heldu nintzen, eta eguzkia jaun eta jabe zen». Orratza eskalatzeko, lerrootako protagonistak “Amy-Vidailhet” korridorea hautatu zuen; jaitsiera, berriz, “Guillot-Conqueugniot” bidetik egin zuen. «Ezin sinetsi» Pucherrek aurreratu du, eskaladan zehar izan zuen eguraldia eta batez ere baldintzak ikusita, egun bitxia izan zela: «Tontorrean nintzela, ezin nuen ia sinetsi. Aurreko orduak nola igaro nituen ikusita, ezinezkoa zirudien Guillaumet edo Patagoniako beste erpin baten gailurra erdiestea. Fraile kanpalekutik goizeko lauretan irten nintzen. Lehen elur malutak erortzen hasi ziren. Hurbilketa bidean Ines Papert eta Paolo Mrazzirekin egin nuen topo; biek ala biek onartu zidaten botatako elur geruzak beldurtzen zituela. Bost ordu behar izan nituen, Guillaumeteko lepora heltzeko. Gainera, ezer gutxi ikusten zenez, ia ez nuen aurkitu». Erpinaren oinarrira hurbiltzen ari zela, austriarrak ere ez zuen egoera oso argi: «Haizeteek lepoa gogor astintzen zuten. Izoztuta nengoen. Elurra etengabe ari zuen, eta neure buruak zioen atzera egin behar nuela. Baina nire senak beste gauza bat esaten zuen. Eguraldi iragarpenak zioen egunean zehar elurtea eten egingo zela. Beraz, itxaron egin nuen. Ordubete geroago, zerua garbitzen hasi zen. Gehiegi pentsatu gabe, arnesa jarri eta eskaladari ekin nion». Botatako elur berri eta sakonaren ondorioz, Pucherrek lan eskerga behar izan zuen egin: «Aitortu behar dut hitzez hitzezko eskalada ez zela izan, elurraren aurkako borroka baizik. Bide hau, berez, V. gradukoa da, baina baldintza horietan oso-oso gogorra izan zen. Zati batzuetan neure burua aseguratu nuen; izan ere, erabat beldurtuta nengoen. Egoera horretan, artesiak zein plakak eskalatzea ez zen batere erraza izan. Nire eskalada gaitasun guztiak indarrean jarri behar izan nituen. Une batzuetan elurra gerriraino iristen zitzaidan, baina aurrera jarraitzea erabaki nuen. Bost orduko jardunaren ostean, tontorrera heldu nintzen. Hori bai, eguraldia lagun. Lainoa desagertu eta eguzkiak bete-betean jotzen ninduen; bazirudien barre egin ari zela. Orratzaren puntu garaienean zutik jarri nintzen. Garaile bat bezala sentitu nintzen». MARCUS PUCHER Irailaren 8an, austriarrak Guillaumet Orratza (Patagonia) bakarka eta neguan igo zuen. Hori egiten lehen alpinista izan da.