OCT. 04 2017 Txistuaren doinuarekin herriaren uzta bildu nahi duen festibala abiatuko da bihar 6. edizioa izanen du bihar hasi eta igandera bitarte ospatuko den Herri Uzta festibalak. Herri Soinu elkarteak antolatzen duen hitzorduan tradizioa eta sorkuntzaren arteko lotura sustatu nahi da. Idoia ERASO BAIONA Uztaritze, Kanbo eta Arrangoitze artean ospatuko den lau eguneko ekitaldietara euskal talde eta artistekin batera Europako beste lurraldeetako jendea ere hurbilduko da. Jaialdia sortu zenetik programaren baitan gelditzen den Mutxiko Egunaren 39. edizioarekin bukatuko da igandean. «Fermuki ohituran sarturik eta sorkuntzara itzulirik» den festibal gisa definitzen dute sortzaileek, «erroa oinarri gisa hartuz bere nortasuna azkartzen du eta beste kulturei irekitzen da». Txistua izanen da irekiera horretarako aitzakia, ostiralean hiru zikloko txirula kontzertua izanen baita, Proventza, Katalunia eta Gaztelatik etorritako bakarlariekin, zeinei Euskal Herriko artistak ere gehituko baitzaizkie. Larunbatean bertako hamabost txistulari taldez osatutako alardea izanen da. Eta ostegunean ere, jaialdia hasteko haize instrumentua izanen da protagonista Mixel Etxekoparrek eskainiko duen kontzertuaren bitartez: “Txirulak, ahotsa, txoriak eta beste euskal ufadak». Txistuaren inguruko lana eramaten ari da azken urteotan Herri Soinu elkartea. Joan den urtean Euskal Herriko Txistu elkartearekin batera “Iparraldean txistu praktika berpiztu” izeneko mugaz gaindiko egitasmoa abiatu zuten, eta dinamika horren azken hitzorduak Herri Uzta festibalaren baitan emanen dira. Bihar mintzaldia izanen da Uztaritzen, “Txistuaren agerpena Iparraldean, 1932tik 1970. hamarkadara arte” eta larunbatean Kanboko Txistu eguna ospatuko da Euskal Herri osotik etorritako taldeekin. Egitasmo honi esker Euskal Herriko Txistu Elkartea Iparraldean sortu da. Mutxikoen Eguna Arrangoitzeko plazan dantza taldeetako kideak zein norbanakoak izanen dira mutxikotan igandean. Horretaz gain gaiari loturiko beste hainbat emanaldi ere programatu dituzte. Goizean Betti Betelu dantzari eta irakasleari omenaldia eginen diote, besteak beste, mutxikoak berreskuratzeko egin zuen lanagatik. Arratsaldean festibalaren oinarria den ohitura eta sorkuntzaren arteko lotura eginen duten hiru talde ariko dira, Oñatiko Oñatz, Lapurdiko Burrunka eta Elizondoko Baztango dantzariak. ELKARLANA Elkarte anitz eta ehunka artistak sostengatzen dute Herri Soinu elkartea, Hats Berri elkartearekin batera Herri Uzta festibala antolatzeko. Programazioaren aniztasunean ageri da elkarlana.