OCT. 06 2017 Kea ahots-taldeak emango dio segida Musikagileak-en zikloari Zortzigarren urtez jarraian, Musika Garaikidearen Zirkuitua antolatu du Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak. Azaroaren 4ra arte, hainbat kontzertu izango dira Bilbon eta Donostian. GARA DONOSTIA Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak zortzigarren urtez antolatu du Musika Garaikidearen Zirkuitua. Zikloak Donostia eta Bilbo izango ditu agertoki eta 26 musikagileren 55 obra aurkeztuko dituzte azaroaren 4ra bitartean. Zirkuitua irailaren 28an hasi zen Bilbon, Bilbao Orkestra Sinfonikoak Campos Eliseos antzokian eskaini zuen kontzertuarekin, eta bihar izango du segida, Donostiako San Telmo museoan: 20.00etan hasita, KEA Ahots Taldeak korurako idatziriko zortzi lanez osaturiko kontzertua eskainiko du, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean. Musikagileak-eko kideek azaldu dutenez, kontzertuan «errepertorio oso zabala» entzuteko aukera izango da: duela 70 urte Javier Bello-Portu konpositoreak idatziriko lanetatik hasi eta azken hiru urteetan Jose Ruben Cid, Xabier Sarasola, Ignacio Ferrando, Maria Eugenia Luc eta David Azurzak sortu dituzten lan berrienetaraino. Urriaren 13an, Kutxa Kultur Kluba aretoan (Tabakalera) musikaririk gabeko kontzertua izango da, kontzertu akusmatikoa hain zuzen ere. Bertan, Musikagileak-eko sei konpositoreren zazpi lan ikusi eta entzuteko aukera izango da bideo proiekzio eta zortzi bozgorailuko sistemaren bitartez. Gorka Aldaren erabateko bi estreinaldi, eta Jose Ruben Cid, Maria Eugenia Luc, Alberto Etxeberria, Ana Barrio, Aurelio Edler eta Mikel Chamizo GARAko kolaboratzailearen lanak entzungo dira. Iñaki Alberdi akordeoi-jotzaileak eskainiko du hurrengo kontzertua, urriaren 21ean, 20.00etan San Telmon. Bi akordeoi ezberdinetarako prestaturiko errepertorioa eskainiko du Alberdik; alde batetik, akordeoi tenperatua, honekin lau obra eskainiz, horietako bi, erabateko estreinaldiak. Bestalde, azken urteetan indarra hartzen ari den akordeoi mikrotonala erabiliko du, akordeoi tenperatuaren noten arteko tarteak erditik zatitzen dituena. Instrumentuaz gehiago sakontzeko, kontzertuaren aurretik hitzaldia eskainiko du San Telmon, 18.00etan. Urriaren 24an, Quatuor Europa hari laukotearen kontzertua izango da Victoria Eugenian (20.00). Lau emakume konpositoreren bost lan eskainiko ditu taldeak: Teresa Catalanen bi obra, Beatriz Arzamendiren erabateko estreinaldi bat eta Maria Luisa Ozaita eta Ruth Crawford Seegerren hari laukotea. Festibalaren azken txanpan, urriaren 26an, 20.00etan Musikeneko entzulekuan Ciklus Ensemblek kontzertua eskainiko du. Bertan, Asier Puga zuzendariaren batutapean hiru lan entzuteko aukera izango da: Mikel Urquizaren “Esquisses d’Echecs”, Zuriñe F. Gerenabarrenaren “Artizar” eta Iñaki Estradaren “Gargantua”. Azken hau, flauta, klarinete, biolin, biolontxelo, akordeoi, perkusio eta narratzailerako lan mardula, erabateko estreinaldian entzuteko aukera izango da kontzertuan Jose Miguel Baena narratzailearen ahotsean. Azaroaren 3an, Xare Laborategiak kontzertua eskainiko du San Telmo museoan, 20.00etan. Hamar konpositore gazteren lan berriak entzuteko aukera izango da, guztiak musikaren historian zehar Gernikako bonbardaketaren inguruan sorturiko piezetatik abiatuko direnak. Hurrengo egunean, azaroaren 4an, Sigma Project saxofoi laukoteak kontzertua eskainiko du Donostiako udaletxeko Udalbatzar Aretoan, 19.30ean. Beraien munduko birak Donostian geldialdia egingo du bigarrenez aurten, lau euskal konpositoreren laukoterako lanak erakusteko. Maria Eugenia Lucen “Yun”, Ramon Lazkanoren “Jalkin”, Javier Quislanten “Sobre la Expresión del Movimiento”, Helga Ariasen “Milk Splist on a Stone” eta Simone Movioren “Logos IV” lanak entzuteko aukera izango da nazioarteko sona duen talde honen eskutik. HITZORDUA Bihar, 20.00etan hasita, Kea Ahots Taldeak korurako idatziriko zortzi lanez osaturiko kontzertua eskainiko du, Enrique Azurzaren zuzendaritzapean.