OCT. 09 2017 ZIRIKAZAN Erraietatik mintzatu beharraz Josebe EGIA Bihar kuadrillako bazkaria dudala eta, aspalditxo samar kuadrilla izandakoarena, erdibituta nabil: batetik, poza eragiten dit aspaldi ikusi gabeko lagunekin patxadaz egoteak, badut gogoa jakiteko nola dauden, zelan bizi diren, zertan dabiltzan; bestetik, nagikeria izugarria ematen dit ez bikotekide ez ama ez garenoi ziur egingo dizkiguten galderei erantzun behar izateak, edo gutxieneko dotoreziaz galderoi ihes egiten aritu beharrak… batak zein besteak akitu egiten naute, han-hemenka errepikatuaren errepikatuaz, hango-hemengoei niri buruz besterik interesatzen ez zaien, arraioa!, behin eta betiko botatzeko gogo bizia irenstearen irensteaz. Ni lakoak trantze berean ikusteak, gainera, ez dit laguntzen oihuka egundoko diskurtsoa botatzeko nahiari eusten. Espiritu askeoi, haien esanetan askeak, horixe jasanarazten digute hainbesteko inbidia eragiten omen dien gure askatasun ederraren ordainetan: urteak joanda eta gizartean aldaketa garrantzitsuak gertatuta ere, eskema zipitzik eraldatzen ez duen galdeketa, outsiderra bazina bezala sentiaraztea, ale bitxia, bitxorraroa, alegia. Egunen batean, beharbada bihar bertan, egia hutsa erantzuten hasiko natzaie lagunen, senideen, lankideen eta abarren galderei: bikotekiderik ez dut, ez zuek ulertzen duzuen moduan, baina emakumea naiz, heldua eta burujabea, badakit nire beharrak neure modura asetzen eta ez dut inolako arazorik nire sexu-bizitzarekin edo maitasunarekin, edo haren ezarekin; ama izango naizen ala ez, bada ez dauka itxura handirik, eta ez zait piperrik axola, ez dizuet batere bekaizkeriarik zuen familia-motagatik, osasunez urra dezazuela bihotzez opa dizuet, ni eroso nago neure eta ez besteren emakumetasuna deskubritzen, eraldatzen, eraikitzen eta onartzen. Nahikoa daukat horrekin, eskerrik asko, eta azkeneko abenturei buruzko xehetasunik ez dizuet kontatuko, nahiz eta badakidan irrikan zaudetela eskandalagarria bezain xarmagarria iruditzen zaizuen pasadizoren bat entzuteko, umeak ditugu-eta inguruan.. Izan ere, euskal herritarrok uste dugu oso jende aurreratua garela, modernoa, kosmopolita, gutxi-gehiago denetatik ezagutzen (azaletik, ia beti) dugulako, eta arazorik ez, aizue, inor diskriminatu gabe. Baina goazen gertuko-gertukoenera, lagunartera edo familiartera, eta ikusiko duzue oraindik zein gutxi dugun normalizatuta dibertsitate benetakoa, eta hor barruan, batez ere, emakumeona, arau nagusi ezarriaren arabera emakume diferenteona.