OCT. 09 2017 JOKOAK Lekue, Martinez eta Zubiaga izan dira Promozioko txapeldunak J.L. Beñat Lekue, Julia Martinez eta Asier Zubiaga izan dira Bizkaiko Promozio eta Bigarren Mailako txapelketetako irabazleak, Algortan herenegun jokatu ziren finaletan. Aizkoran, bizkaitarrez gain, asturiarrak ere izan ziren, herrialde horretako mordo batek atera baitute aurten lizentzia Bizkaian, eta ondorioz bai Bizkaiko eta bai Euskal Herriko txapelketetan ere aritu daitezke. Lekue izan zen onena, eta atzetik, Ioritz Gisasola, David Naredo, Txikon, Daniel Lopez, Esteban Muñiz, Aritz Oregi, Done Intxausti eta Fermin Santamaria sailkatu ziren. Harri-jasotzen, neskak eta mutilak aritu ziren. Aizkoran asturiarrak izan baziren tartean, hemen Gaztela eta Leongoak, batez ere Avilakoak eta Segoviakoak. Neskek 40 kiloko bola erabili zuten 5 minutuan eta berdinketa izan zen Julia Martinezen eta Karmele Gisasolaren artean. Horrelakoetan, bi kirolariek duten pisua hartzen da kontuan, eta hori dela-eta, Martinez izan zen txapelduna. Hirugarren Sanchez sailkatu zen, 36 jasoaldirekin. Mutilek, berriz, 75 kiloko bola erabili behar izan zuten, eta hauek ere bost minutu izan zituzten lanerako. Zubiaga izan zen onena 45 jasoaldirekin. Atzetik, Amade (44 jasoaldi), Peter (40), Ardeo (39), Jimenez (31), Petre (28), Nieto (26) eta Martinez (23) sailkatu ziren.